Orain, baina, herritarren bistara jartzea erabaki dute, udaletxeko pleno aretoan. Hortaz, udaletxea zabalik dagoen orduetan edonork izango du maketa ikustera joateko aukera. Elgojaiotzako kideek bisita gidatuak ere emango dituzte, maketaren xehetasun guztiak azaltzeko. Udalak eskerrak eman dizkie maketan lanean jardun duten guztiei.
Elgoibarren 650. urteurrenerako sortua
Elgojaiotzakoek Elgoibarren 650. urteurrenerako sortu zuen Kalegoen plazaren maketa. 1998an ospatu zuten urteurren hori eta urte hartako jaiotza mekanikoa berezia izan zen, plazaren maketa gaineratzea erabaki baitzuten Elgojaiotzakoek urteurrenaren harira.
Gero, Altzolatarren Dorretxeko azken solairura eraman zuten maketa eta han egon da gordeta, eta ezkutuan ere bai nolabait. Gordeta baina bizirik, handitzen jarraitu baitzuen maketak. Makina bat lan ordu sartu zituzten maketan Elgojaiotzako kideek, Manuel Condek beeziki, eta Errosario eta San Bartolome kaleak gaineratu zizkioten, eta baita Kalegoen plazako frontoia ere.
Maketa udaletxera eramaterakoan, baina, ezin izan dute maketa bere osoan eraman, espazio kontuegatik: 6 x 3,5 metro neurtzen ditu berez maketak eta 4,5 x 2,5 metro dauzka pleno aretoan ipini duten zatiak. Maketa osatzen duten eraikin guztiak eskalan eginak daude, San Bartolome eliza izan ezik; izan ere, maketa proportzio berari eutsita egin izan balute, hiru metroko altuera izango luke maketan.
Argiztatuta ere badaude maketan ageri diren eraikinak, barrualdeko detaileak xehetasun handiagoarekin ikusi ahal izateko.