Sexilioari buruzko hitzaldia eta argazki-erakusketa igandean, Aita Agirre kulturgunean

Barren 2025ko eka. 4a, 15:30

Joseba Olagarai eta Martxel Larraza.

Euskal Herriko landa-eremuko bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu ‘Xerka’ fotokazetaritza proiektuak, eta LGTBI komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du.

Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek Xerka hitzaldia emango dute domekan, ekainaren 8an, Aita Agirre kulturgunean, 12:30ean.

Hitzaldian, hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi-esperientziak ezagutaraziko dituzte. Ekimenak, hain zuzen, helburu du mezu positibo bat transmititzea: euskal landa-eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio sexu-orientazioa edo genero-identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte-ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBI pertsonen migrazio behartuari.

Xerka 2023an Martxel Larrazak (Etxalar, 2003) ondutako fotokazetaritza proiektua da, urtebete beranduago komunikazioko GRALen III. BERRIA sariketan saritu zutena. Paisaiaren eta erretratuaren genero klasikoak uztartuz eta hainbat teknika eta estilo fotografiko baliatuz, subjektuaren eta haren ingurunearen arteko dialektika poetikoa proposatzen dute argazkiek. Barikura arte egongo da ikusgai erakusketa.