Berbazulo egitasmokoek ikasturte amaierako txangoa egin dute Donostiara

Barren 2025ko eka. 2a, 14:43

Euskaraz berba egiteko zailtasunak dituzten haurrei, eta euskaraz ez dakiten haur eta gaztetxoei laguntzea da Elgoibarko Izarraren Berbazulo egitasmoaren helburua.

Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hainbat ikaslek parte hartzen dute Elgoibarko Udalak diruz laguntzen duen egitasmoan. Atzerritik edo Espainiako autonomia erkidegoren batetik Elgoibarrera etorritako nerabeak dira bereziki. Egunerokoan euskararekin izan ditzaketen gabeziekin laguntzea da Berbazuloren zereginetako bat, euskararen ezagutzan eragile diren ikastetxeek egiten duten lanaren errefortzu modukoa eskainiz. Hain justu, Euskara Errefortzuak izenarekin jaio zen egitasmoa 2002. urtean, eta 2010ean hartu zuen Berbazulo izena. 

Ikasturte honetan Berbazulon aritu diren hainbat ikaslek ikasturte amaierako txangoa egin zuten zapatuan, Donostiara. Hiriko toki esanguratsuenak bisitatu zituzten, tartean Aquariuma eta hondartzan ibili eta bainua hartzeko aukera ere eduki zuten. Euskara praktikatu eta elkarrekin ondo pasatzeko eguna izan zela azaldu dute.