Mugertza krosa hiru bider irabazitako Lachie Stewart eskoziarra hil da

Barren 2025ko eka. 2a, 11:39

Lachie Stewart Mugertza krosa irabazi zuen aldietako batean.

Mugertza krosaren izena nazioartean zabaltzen lagundu zuten atletetako bat izan zen Lachie Stewart eskoziarra. 81 urterekin zendu zen domekan.

Nazioarteko atletak 1963. urtean hasi ziren parte hartzen Mugertza krosean, eta izen handiek osatu dute harrezgero krosaren palmaresa. Nazioarteko lehen irabazle haien artean zegoen Stewart, Mammo Wolde, Kuha, Batty, Fowler, Mc.Leod, Lopes, Jones edo Ngugirekin batera. Eskoziarrak hiru alditan irabazi zuen Mugertza krosa: 1969an, 1970ean eta 1972an.  Dolumin mezua zabaldu dute kroseko arduradunek Stewart Lerungo zirkuituan antxitxika ageri den argazkiarekin batera (goian).

Stewartek Britania Handia ordezkatu zuen 1972an Munichen jokatu zituzten Olinpiar Jokoetan, eta hiru alditan ordezkatu zuen Eskozia Commonwealtheko Jokoetan. Eskoziako hiriburu Edimburgon jokatu zituzten 1970eko Commonwealtheko Jokoak eta urrezko domina irabazi zuen 10.000 metroko lasterketan. Herrikideen aurrean lortutako garaipenak sona handia izan zuen bere herrialdean eta kirolari eskoziarren Ospearen Aretoan (Scottish Sports Hall of Fame) sartu zuten Stewart. (Ikus hemen: Lachie Stewarten kirol ibilbideari buruzko xehetasun gehiago)