kilometroak jairako kantua eta bideoklipa aurkeztuko dituzte Ikastola Egunaren barruan

Ainhoa Andonegi 2025ko mai. 30a, 18:28

Eneko Beretxinaga, Aitor Nova eta Jone Arriola.

Elgoibarren egingo da aurten Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak jaia, urriaren 5ean, eta antolakuntza taldekoak buru-belarri ari dira lanean. Bihar, kantua eta bideoklipa aurkeztuko dituzte, Ikastola Egunaren barruan.

11:00etatik aurrera bideoklipa ikusteko aukera egongo da Ikastolako Moru gelan, eta arratsaldean zuzenean abestuko dute kantua Elgoibarko musikariek, Maalan. Eneko Beretxinagak sortu du letra, Aitor Novak jarri dio musika eta Jone Arriolak zuzendu du bideoklipa.

Kilometroetako antolakuntzak bildu zituen mahai baten bueltan Eneko Beretxinaga, Aitor Nova eta Jone Arriola, Kilometroetako kantua eta bideoklipa sortzeko. Erronka moduan hartu zuten egitekoa hirurek, eta eskerrak eman dizkiete Kilometroetako arduradunei lan hau egiteko beraiekin kontatu izanagatik. Lan hau egitea "ohorea" izan dela aitortu dute.

Sortze prozesua

Azaroan izan zuten lehen bilera, eta kantua sortzeko oinarrizkoak ziren hainbat ideia jaso zituzten. Kilometroen helburua azaldu zieten lehenengo: Fokua helduen hizkuntza ohiturak aldatzean jarria zutela azaldu zieten, helduek euskarara salto egitea nahi zutela, haiek direlako umeen eredu. Eta horri lotuta, sokak ere protagonismoa behar zuela aipatu zieten. Mezu horrekin hasi ziren lanean. Kantu bat egiteko modu asko daude, baina oraingoan hitzetatik abiatu dira. Eneko Beretxinagak sortu zuen kantuaren letra, eta ondoren, Aitor Novak musika jarri zion. "Ni ez naiz letragilea", esan du Beretxinagak: "ohituago nago doinu bati letra jartzen, baina oraingoan alderantzizkoa izan da". Soka, helduak eta hizkuntza ohiturak aldatzea hartu ditu kontuan Beretxinagak letra sortzeko, eta hortik abiatuta ikusi du argia Elkarrekin salto euskarara kantuak. Kilometroetako helburua dauka oinarrian kantuaren mezuak, eta belarrira atsegin sartzen den letra sortzen ahalegindu da Beretxinaga: "Atal errepikakor batzuk baditu, estribillo moduko bat, marka propioa duena, Elgoibarren ez ezik, hemendik kanpora ere jendeak abestuko duena". Aitor Novak egin izan ditu aurretik ere hainbat abesti, baina nabarmendu du hori ez dela bere egiteko nagusia, eta ardura handia izan duela. "Enkarguz eskatutako lana izan da, herriarentzat egin beharrekoa, jende asko identifikatu behar duena... Ez da lan erraza izan eta horrek ardura handia sortzen du, baina ni gustura geratu naiz emaitzarekin". Doinu erakargarria eta kantatzeko erraza sortu duela uste du, komertzialegia ez dena: "Ni identifikatuko ez ninduen kanturik ez nuen egin nahi, eta uste dut lortu dudala beharrezko elementu guztiak zainduta, nire nortasunari eustea. Ni oso pozik geratu naiz". 70eko edo 80ko hamarkadetako fanky estiloko doinua dauka oinarrian: "Lehenengo entzunaldian agian ez da barneratuko, baina erraz sartzen dela esango nuke. Nire umeekin egin dut proba etxean, eta hauek dagoeneko kantatzen dute", esan du Novak.

Jendaurrean zuzenean estreinakoz

Elkar estudioan grabatu zuten kantua, eta zapatu arratsaldean zuzenean joko dute Maalako parkean Elgoibarko musikariekin. Novak sortutako doinua izan arren, musikari askok hartu dute parte lan honetan eta, musikari izateaz gain, denak Ikastolako komunitateko kideak dira. 19:00etan izango da estreinaldia. Ruben Irigoien arituko da baterian, Patxi Zabaleta gitarran, Andoni Mujika baxuan, Ane Iñigez teklatuan, Alaitz Almortza tronboian, Andoni Riaño tronpetan eta Aitor Nova saxofoian. Ahotsa bost neskak jarriko dute: Ainhize Beristain izango da bakarlaria eta koruak egiten arituko dira Olatz Makazaga, Maddi Arrieta, Maialen Etxeberria eta Noemi Araujo. Kantuan umeek ere abestu dute, LH1etik DBH4ra arteko umeek, maila bakoitzetik batek.

Kantuari klipak jartzea

Jone Arriola gidoilari eta zuzendaria da, eta ohituta dago gidoiak sortzen, baina sekula aurrez bideoklip bat grabatu gabe zegoen: "Hau izan da nire lehenengo esperientzia eta ilusio handia egin dit proiektu honetan parte hartzeak".
Bere lehenengo galdera izan zen ea umeak azaldu behar zuten bideoan, baina fokua helduengan jarria dutenez Kilometroetako arduradunek, erabaki zuten bideoklipeko protagonista eta pertsonai gehienak ere helduak izatea: "Brainstorming sakona egin genuen eta ideia pila bat bota genituen, baina asko baztertu egin behar izan genituen. Gurasoak eta soka-saltoa zeuden oinarrian, eta musika entzun arte ideiak bota eta bota aritu ginen, baina gero, musika entzun nuenean, konturatu nintzen gure ideia askok ez zeukatela lekurik bideoklipean". Musika entzuteak lagundu zion Arriolari bideoklipa irudikatzen, batez ere irudien erritmoari dagokionez: "Nire buruan irudiek erritmo bat zeukaten eta musikak beste erritmo bat zeukan". Azkenean, Kilometroetako helburua eta musika entzunda osatu zuen istorioa eta bideokliparen gidoia: guraso bat da protagonista, eta ikastolarako bidean doa. Bide horretan mugimendu arraro batzuk ikusiko ditu, normaltasunetik at dauden mugimenduak. Sokak ikusiko ditu, jendea soka saltoan eta hasiera batean mugimendu horiei kasurik egin gabe, bere bideari jarraituko dio: "Guraso hau euskarara salto egin arteko puntura iritsi arteko ibildea kontatzen du bideoklipak", azaldu du Arriolak. Euskarara salto egitea modu erakargarri batean islatu nahi zuten, jarrera positiboan, alaitasunetik, azken batean helduak direlako umeen eredu, eta haurrek gurasoak imitatzen dituztelako. Aktore protagonista nagusia elgoibartarra izan zedin saiatu ziren antolatzaileak, baina azkenean Arrasateko Oihan Zubizarreta izan da guraso papera bete duena.

Bi egunetan egin zituzten grabaketa lanak Azpeitiko KulturAZ kooperatibako teknikariekin, eta Ikastolako komunitateko ehundik gora lagunek hartu zuten parte. "Irudi pila bat grabatu genituen, eta saiatu gara ahalik eta jende gehiena
agertu zedin, baina hiru minutuko iraupena dauka bideoklipak, eta egia da den-dena ezin izan dugula sartu". Arriola gustura geratu da emaitzarekin: "Erritmo bizia dauka, irudiak azkar pasatzen dira batetik bestera eta espero dut
jendeari gustatzea".

Bihar jakingo dugu azkenean salto egitea erabakitzen duen edo ez. 11:00etatik aurrera, hamar minuturo proiektatuko dute bideoklipa Ikastolako Moru gelan, bazkalordura arte.

Erreportajea osorik BARREN astekarian