Antolatzaileak pozik daude Igeriketa Egunak eduki zuen harrera beroarekin, eta bereziki gaztetxoek erakutsi zuten konpromisoarekin eta jarrerarekin.
Elgoibarko eta Mendaroko igerilariek hartu zuten parte, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara arteko eskola umeek. Igeriketa Eskolako haurrek beren trebetasuna erakusteko aukera izan zuten estilo desberdinetako erakustaldi txiki baten bidez, eta gainerako haurrek 25 eta 50 metroko igeri-saio bana egin zuten. Ondoren, igerilekua modu librean erabiltzeko aukera izan zuten, betiere jolasa, kirola eta elkarbizitza uztartuz. Ekimen honen helburu nagusietako bat haurren artean igeriketarekiko zaletasuna sustatzea eta kirolaren balioak transmititzea dela azaldu dute antolatzaileek.
Igeriketa Eguna antolatzen lagundu dieten guztiei eskerrak eman dizkiete. "Eskerrak eman nahi dizkiegu beren seme-alabekin etorri ziren familiei. Era baita boluntario guztiei eta epaile lanetan aritu zen Josean Agirre ere. Instalazioak eskaini eta laguntza eman duten Elgoibarko Udaleko eta Patronatuko ordezkariak ere eskertu nahi ditugu, eta, jakina, antolakuntza lanetan buru-belarri aritu zen Seber Uribe, ekimenaren zutabe nagusietako bat".