Dagoeneko pare bat obra aurkeztu dituzte jendaurrean, eta domekan, ekainaren 1ean Ai eneeee... izeneko lana estreinatuko dute. Jubilatuen Biltokian izango da, 18:00etan, eta 30 bat minutuko iraupena izango du. Euskaraz da antzezlana eta sarrera librea izango du.
Errealitatearen ironia bistaratzen duen antzezlana dela aurreratu dute, "egoera absurduaren kontrastea islatzen duena, komedia kutsuarekin". Osasun zentro bateko itxarongelan gertatzen dena kontatzen du. Zortzi emakume daude itxaron gela horretan, bakoitza bere gaitz eta ezinegonekin, medikuaren kontsultan sartzeko zain, eta itxaroaldi horretan ez usteko egoera bitxiak bizitzea tokatuko zaie.
Edurne Lasa da antzezlaneko zuzendaria eta Joxemari Larrañaga arduratu da alor teknikoaz, aktore lanak egiteaz gainera. Bederatzi lagunek osatuko dute antzezle-taldea, honakoek: Loli Outomuro, Gloria Santiago, Bego Moro, Rosa Mata, Maite Txurruka, Teresa Arakistain, Maite Unzueta, Coro Fernandez eta Eduardo Ayesta.
Antzezlanaren ondoren, luntxa eta udaberriko dantzaldia izango dute.