Marcan Huella elkarteak irteera solidarioa antolatu zuen domekarako, Debabarrenean bakarrik utzitako txakurrak babesteko dirua biltzeko. Ixuatik Kalamuara egin zuten irteera, eta 50 bat lagun bildu ziren guztira. Seigarrengoz antolatuko dute aurtengoa, 2019az geroztik egin duten aurrenekoa.
Antolatzaileak pozik agertu dira jendeak emandako erantzunarekin, baina egun horretan Eibarren Euskal Jaia ospatu izanak jendearen parte-hartzean eragina izan duela uste dute. Kalamuatik jaistean pintxo dastatzea izan zuten Usartzan, musikaz girotua, eta elkarteko produktuak eta arropak saltzeko postua ere jarri zuten bertan. Eskerrak eman dizkiete ekimena babestu zuten herritarrei eta baita elkarteko bazkideei ere, elkartea beraien diru-ekarpenari esker mantentzen delako. Aurrera begira ekimen gehiago antolatzeko asmoa dutela adierazi dute. "Lehen gauza gehiago antolatzen genituen, baina pandemiak dena eten zuen, eta denbora behar izan dugu lehengora bueltatzeko, boluntarioen lanaren bitartez funtzionatzen baitugu. Aurrerantzean gauza gehiago eta sarriago antolatzeko esperantza daukagu", azaldu dute.
Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da Marcan Huella, 2014ko martxoaren 30ean sortua, Ermuan. Elkartearen helburu nagusia da Debabarrena eskualdean abandonua eta tratu txarrak jasan dituzten txakurren segurtasuna eta ongizatea bermatzea.