Erromeriak eta jolasek hartu dute Azkueko berdegunea

Barren 2025ko mai. 27a, 15:08

Eguraldiagatik astebetez atzeratu eta gero, joan den barikuan egin zuten erromeria saioa Azkueko zelaian.

Atxutxiamaikakoek prestatutako jolasgunea zabalduz hasi zuten ekimena. Material ezberdinekin jolasteko eta esperimentatzeko aukera izan zuten umeek eta familiek. Gero, erromeria saioa hasi zuten Inazio Bereziartua eskolako ikasleek.

Etxetik eramandakoa afaltzeko aukera eduki zuten Azkuera gerturatu zirenek, baina Gaztelekuko nerabeek jarri zuten postuan beraiek prestatutako janaria eta edariak erosteko aukera ere izan zen. San Rokeko lokal sozialekoek lagatako lokalean jarri zuten postua. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute. Pozik daude gerturatutako jende kopuruarekin eta egon zen giroarekin, eta Gaztelekukoen postuak eduki zuen arrakasta ere nabarmendu dute.

Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Saila, Haritz Euskal Dantzari Taldea, Inazio Bereziartua musika Eskola eta Elgoibarko Udal Ludoteka eta Gaztelekua izan dira antolatzaileak eta Udalaren, Foru Aldundiaren eta Jaurlaritzaren babesarekin antolatu dute ekimena.