Andoni Madariagak nutrizioari buruzko hitzaldia emango du eguaztenean

Barren 2025ko mai. 26a, 13:31

Morkaiko Mendizale Elkarteak antolatuta, nutrizioari eta osasun integratzaileari buruzko hitzaldia emango du Andoni Madariagak, maiatzaren 28an.

Morkaikotik jakinarazi dutenez, CATT Morkaiko taldeko kidea izateaz gainera, Amalur Naturopatia zentroko arduraduna ere bada Andoni Madariaga, eta kirol jarduerarekin lotutako nutrizioaz berba egingo du Elgoibarren emango duen saioan. Honela azaldu dute: "Osasun integratiboari buruz hitz egingo digu Andonik, hau da, zelulen osasunari buruz, eta barnean sor daitekeen desoreka guztia erregulatzeko helburua izango du, kirol-errendimenduan bilakaera handiago hori kudeatzen jakiteko". Ordubete inguruko solasaldia izango dela aurreratu dute eta zalantzak argitzeko eta galderak egiteko aukera izango dela. Doakoa izango da.

Eguazten honetan, maiatzaren 28an, izango da hitzaldia Kultur Etxeko hitzaldi gelan, 18:30ean hasita.