Zorua berritzeko lanak direla-eta, AP-8ko Elgoibarko sarrera eta irteera itxita egongo da asteburuko hainbat unetan

Barren 2025ko mai. 23a, 13:39

Asteburu honetan AP-8 autobideko zati batean zorua berritzeko lanak egingo dituzte Elgoibar parean, Bilborako noranzkoan. 

Hori dela eta, norabide horretako erreiak itxita egongo dira zapatuko 22:30etatik, maiatzak 24, domekako 10:30era arte. Lanek autobideko 62,300 kilometrotik 67,000 kilometrora izango dute eragina, eta trafikoa Behobia noranzko enborrean prestatutako pasabidetik desbideratuko dute. Berritze-lanetan, egungo errodadura-geruza fresatu eta kenduko dute eta aglomeratu berria ipini errepideko zoruan.

Lanek Elgoibarko lotuneko sarrera -eta irteera- adarrei eragingo diete. Hala, larunbateko 02:30etik 09:00etara, bai Elgoibartik Bilborako sarrera eta bai 64. irteera, noranzko berean, itxita egongo dira. Elgoibarko sarbidea berriro itxiko dute 20:00etatik igandeko 10:30ak arte eta 22:30etatik 10:30ak arte, eta 64. irteera ere itxita egongo da. Alternatiba gisa, Elgoibartik Bilbora joan edo Elgoibarren irten nahi duten ibilgailuek Eibarko lotunea erabili beharko dute. AP-8rako sarbidea eta Elgoibarko irteera, Behobiarako noranzkoan, irekita egongo dira. Lanak gauez egingo dituzte, trafikoan eragin txikiena izan dezaten. 

Bidegitik azaldu dutenez, errepide zati hori berritzeko lanak AP-8 eta AP-1 autobideetako hamazortzi zati eta GI-20 errepidea birgaitzeko proiektuaren baitan daude. Bi urtean gauzatuko dute, eta 6,2 milioi euroko (+BEZ) inbertsio egin dute lanotarako.