Ane Agirregomezkorta: “100 metroko Espainiako txapelketan parte hartzeko gutxieneko denbora lortzea dut helburu orain”

Barren 2025ko mai. 23a, 14:43

Atletismoaren munduan Mugertza krosagatik da bereziki ezaguna Elgoibar, eta bat-batean belozista bat irten da herrian: Ane Agirregomezkorta. 

Etxetik datorkio kirolerako zaletasuna: mendirako joera izan dute familian, ahizpak futbolean jokatzen du, eta ama ere atletismoan ibilitakoa da. Umetatik izan du Anek gustuko korrika egitea, eta berehala ohartu zen distantzia laburretan moldatzen zela hobeto. Espainiako Txapelketako 60 metroko lasterketan hartu zuen parte, eta bere marka pertsonala ondu zuen gainera, 7'66 segunduk denbora ezarrita. Datorren denboraldirako Espainiako Txapelketarako sailkatzea du helburu, 100 metrokoan.

Mintxetan elkartu gara berarekin entrenamentu bat hasi aurrekoan eta  100 metrokoa egiteko eskatu dio BARRENek, baina galderak erantzuneten dituen bitartean, oinez (ikus bideoan).

Umetatik izan zara kirolaria, baina nola aukeratu zenuen atletismoa?
Nire lagun bat eta lehengusina hasi ziren lehenengo, eta behin, izebarekin Mintxetara joan nintzen ni ere, probatzera. 8 edo 9 urte izango nituen, eta gustatu egin zitzaidan. Nire ama ere ibilia da atletismoan. Pista Beltzean entrenatzen zuten lehen, eta bera ere distantzia motzetan ibiltzen zen. Urte gutxi batzuk egin zituen atletismoan eta ez zen federatu moduan lehiatu. 16 bat urte zituenerako laga zuen atletismoa. Ni ez nintzen beragatik hasi korrika egiten, baina nire abiadurak izango du zerikusirik berarekin.

Zein da zure indargunea?
Abiadura da nire indargunea, eta irteera ona daukat. Oso ondo irteten naiz, indartsu. Umetan krosak egiten genituen neguan, eta udan, pista, eta berehala konturatu nintzen abiadura zela nire indargunea. Neska indartsua naiz, eta hori gustatzen zait gainera. Klubaren barruan gaur egun gehiago egiten dute korrika pistan, eta ez horrenbeste krosean. Lasterketa amaieran daukat nire ahulgunea, eta horregatik gustatzen zaizkit gehiago lasterketa motzak, amaieratik gertuago harrapatzen nautelako. 100 metroko lasterketan 40 metro gehiago daudenez, lehenago harrapatzen naute.

Nola konturatu zinen abiadura zela zure indargunea?
Umetan Jose Gurrutxaga krosean hartzen nuen parte, eta konturatu nintzen proba luzeetan ez nintzela ondo moldatzen. Lasterketa motzena gustatzen zitzaidan gehien: Errosariotik Kultur Etxeraino, eta buelta plazara. Abiadura zen nire indargunea eta hor moldatzen nintzen ondoen.

Gaur egun ere distantzia motzean aritzen zara. Zein proba dituzu gustukoen?
Pista estalian 60 eta 200 metroko probak egin izan ditut, eta aire librean 100 eta 200 metrokoan lehiatu izan naiz. Niri gehiago gustatzen zait berez aire librean korrika egitea, baina aurten 60 metrokoan bakarrik hartu dut parte, eta hori pista estalian egiten da. 60 metrokoa gustatzen zait gehien, beraz, pista estalian korrika egitea ere gustatzen zait. 100 metrokoa ere gustatzen zait, baina amaitzea kostatu egiten zait eta 100 metrokoa luze egiten zait amaierarako.

7,66 segunduko marka pertsonala ezarri duzu 60 metrokoan.
Lan handia egin dut marka hori lortzeko. Lehengo marka hobetu nahi nuen, eta asko entrenatu nintzen horretarako. Azkenean ehuneko batzuk hobetu nituen, eta hori proba hauetan pila bat da. Oso pozik nago. Aurrera begira nahiko nuke hobetzen jarraitzea, baina zaila ikusten dut. Distantzia oso motza da, eta gutxi hobetzeko ere asko egin behar da. Dena perfekto irten beharko litzaidake, eta hori zaila da.

Kontaiguzu 60 metroko distantzian zer sentitzen duzun eta nola antolatzen zaren korrika egitean.
Oso lasterketa motza da eta oso kontzentratuta egon behar izaten da. Irten eta bat helmugara iristen ari zara, eta askotan ez zara kontziente denbora horretan gertatzen denaz.
Nire indargunea irteeran dago, eta lehenengo metroetan ateratzen diet distantzia beste lehiakideei. Amaieran terrenoa jaten didate. Gehienetan ez naiz konturatzen nola ari naizen korrika egiten ere, eta bideoa ikusten dudanean konturatzen naiz zein akats egin ditudan. Lehiakideak datozela konturatzen naizenean, hori pentsatzen hasten naizen unean, egiten ditut gauzak okerren. Kontzentratuta banago eta ez banaiz kontziente lasterketan zer gertatzen ari den, gauzak ondo irteten zaizkit. Hesi-lasterketan dena neurtuta egoten da, eta hesi batetik bestera zenbat pauso eta zein neurritakoak eman behar diren jakiten dute partaideek. Gure kasuan ez da horrela izaten. Nik ez dakit zenbat pauso emango ditudan lasterketa bakoitzean, ezta arnasa hartzen dudan ere. Baietz pentsatzen dut, baina denbora hori arnasik hartu gabe ere egon daiteke. Garrantzitsuena nire kasuan indartsu irtetea da, eta amaieran botatzea arnasa.

Nola egiten dituzu entrenamenduak?
Lehen, taldean entrenatzen ginen, baina Koronabirusaren pandemia iritsi zenean bakarka entrenatzen hasi ginen. Astean lau entrenamendu egiten ditut: astebarruan hiru eta larunbatean beste bat. Aldapak, serieak eta indarra ere lantzen ditut. Indarra oso garrantzitsua da proba motzetan, eta gimnasioan entrenatzen naiz astean behin. Iaz entrenatzaile pertsonal bat hartzea erabaki nuen, eta harekin entrenatzen naiz astean pare bat aldiz. Gorka Zuazo da bera, Gasteizko klubeko entrenatzailea. Mintxetara etortzen naiz gero berak esandako ariketak egitera, eta beste bi egunetan Gasteizera joaten naiz. Hango taldearekin entrenatzen naiz, eta gustatzen zait nire berdinkideekin entrenatzea. Bakarrik entrenatzea ere gustatzen zait egia esan, eta asteko hiru egunetan ibiltzen naiz nire kontura. Nik ez daukat bakarrik egoteko arazorik. Atletismoa kirol indibiduala da eta ni gustura ibiltzen naiz, baina bakardade horrek atzera botatzen du jendea, eta askok laga egiten dute.

Noraino iristea gustatuko litzaizuke atletismoan?
Nire helburua markak hobetzen segitzea da. Denbora hobetzeak esan nahi du ondo ari naizela entrenatzen eta hori gustatzen zait. Entrenamenduek emaitza ematea garrantzitsua da. Urtez urte hobetzen segitzea nahiko nuke, behintzat 18-19 urte izan arte. Adin horretatik aurrera, batez ere unibertsitatera joaten banaiz, oso zaila da markak hobetzea. Denbora oso laburretan mugitzen gara, eta gure espezialitatean ehuneko bat jaistea ere asko da. Espainiako txapelketara joan aurretik 7,72ko denbora neukan, eta sei ehuneko hobetzea sekulakoa izan zen.

Nola bizi duzue atletismoa etxean, bereziki, lasterketak?
Ni nahiko lasaia naiz eta ez naiz urduri egoten lasterketa aurretik. Hori bai, ohitura finko batzuk baditut, adibidez, bezperan beti makarroiak afaltzen ditut eta lasterketarako galtzerdi jakin batzuk aukeratzen ditut. Baina lasai egoten naiz. Asko gustatzen zait atletismoa, eta ondo irteten naizenez, ez naiz urduri egoten. Etxekoak ere lasai ikusten ditut.

Atletismoa aukeratu izan ez bazenu, zer?
Kirola egitea gustatzen zait, baina ez dut inoiz atletismoa ez den beste kirolik egin. Nire ahizpak Athleticen jokatzen du, baina niri ez zait inoiz futbola gustatu. Atletismoa ez da futbola bezain ikusgarria, baina ikusteko ere nahiago dut nik neuk. Telebistaz jarraitzen dugu atletismoa gehienbat, baina iaz esaterako Budapestera joan ginen familian atletismoko mundiala ikustera. Oso ondo pasatu genuen. Proba desberdinak zeuden, eta oso dibertigarria izan zen.

Zer maila dagoela iruditzen zaizu hemen?
Euskal Herrian Gipuzkoan dago maila handiena. Zaletasun gehiago dago hemen, eta Euskadiko txapelketako azken podiumean denak ginen gipuzkoarrak. Eibarren ni baino urtebete gazteagoa den neska bat dago oso ona, Elene Arrazola. Jende ona dagoela esango nuke. Espainiako txapelketarako gutxieneko denborak atera dituzte orain, eta momentuz nik daukadana baino hobea da, beraz, denbora hori lortu nahi nuke orain, Espainiako txapelketan lehiatu ahal izateko. 100 metrokoan 12:41 segunduko denbora daukat eta uste dut 12:30koa eskatzen dutela. 11 ehuneko hobetu behar ditut. 100 metroko lasterketan margen handiagoa dago hobetzeko, eta helburu lorgarria dela iruditzen zait. Iaz baino forma fisiko hobean nago, eta 60 metroko probarako egindako lan guztiak lagunduko didala pentsatzen dut.