Rouhaifa Kassem artista palestinarraren erakusketa ipiniko dute sotoan

Barren 2025ko mai. 21a, 19:10

Rouhaifa Kassem artista palestinarrak hainbat erakusketa egin ditu Euskal Herrian, eta orain Elgoibarren erakutsiko ditu bere lanak. 

Elgoibar-Palestina herri ekimenak antolatuta, barikutik hasita maiatzaren 28ra arte egongo dira ikusgai palestinarraren lanak, Kultur Etxeko sotoan.

Palestina iparraldetik (Akra) kanporatu zuten Rouhaifa Kassem-en familia, eta Libanoko errefuxiatu eremuetan jaio zen bera, eta gerora, Nahr El Bared errefuxiatu eremuan bizitzen egon zen, 2007an suntsitu zuten arte. 

"Marrazketarako arkatzez baliatu naiz nire herriaren sufrimenduak adierazteko. Nire familiaren Nakba pairatu dut eta berarekin bizi izan naiz Nahr el Bared, Libanon, errefuxiatu eremuan, 1948ko Nakbaren jarraipen gisa 2007an suntsitu zuten arte", dio bere bizipenez. Hainbat herrialdetan egin ditu bere marrazkien erakusketak, bere herriaren kausarekin eta borrokarekin konprometituta beti, eta lanok Euskal Herrian erakusten dihardu orain. "Nire aberriaren zauria ekarri dut Palestinaren borroka bere egiten duen herrialde solidario honetara, margolan expresionista eta abstraktuen bidez".

  • ORDUTEGIA: Barikuan 18:30ean zabalduko dute erakusketa, eta 20:00etara arte egongo da ikusgai. Zapatu eta domekan goizez zabalduko dute, 12:30etik 14:00etara, eta astelehen eta martitzenean 18:30etik 20:00etara.