Kontzertu didaktikoa izan zen, Txomin Mujikak Juan Mugertza Sasieta (1900-1936) atleta elgoibartarraren bizitzaren eta kirol lorpenen errepasoa egin baitzuen pieza bakoitza jo aurretik. Berezkoa duen komunikatzeko gaitasunarekin, Mujikak bizi eta umorez kontatu zituen "Juanito" Mugertzaren bizitzako pasarteak, kirol lorpen esanguratsuenak; markak eta Anbereseko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuenekoa tartean, eta makina bat bitxikeri. Zine pantaila handian erakutsi zituzten Mugertzaren argazkiekin lagundu zuten kontakizuna. Felix Astigarragak batu ditu Mugertza ageri den erretratu zahar ikusgarriak. Mujikak azaldu duenez, beraiengandik eta Ego Toki elkarteko zenbait kiderengandik sortu zen Mugertzari eskainitako kontzertua egitearen ideia.
Omenaldia Mugertzaren ondorengoei
Bandakoek Juan Mugertzaren ondorengoak ere gonbidatu zituzten kontzertura. Tolosan bizi diren Juan Mugertzaren biloba, Milagros Arnaiz Mugertza eta honen alaba Alazne etorri ziren kontzertua entzutera. Oroigarri bat ere jaso zuten Udalaren izenean, Ion Zubiaurre zinegotziaren eskutik (beheko irudian). Mugertzak irabazitako garaikur batek ere eduki zuen bere lekutxoa Mujikaren kontakizunean (ikus bideoan).
Jose Albisuk konposatutako abestiaren estreinaldia
Kirolarekin zerikusia duten konposizioak aukeratu zituen musika bandak kontzerturako, Carros de Fuego, Olympic Fanfare edo Queen taldearen We are the Champions ezagunak, bestek beste. Kontzertuari amaiera emateko, baina, abesti ezezagun bat aukeratu zuten, Jose Albisu elgoibartarrak 1917an konposatutako "A mi querido amigo Juan Mugerza", hain justu ere. "Duela hilabete batzuk Felix eta konpainia etorri zirenean Mugertzaren omenezko kontzertua egiteko proposamenarekin, etxean gordeta nuen partitura bat etorri zitzaidan gogora. Altxor txiki bat da, urrea balitz moduan gordeta daukadana. Pentsatu nuen zerbait egin genezakeela kontzertu berezi honetarako", azaldu zuen Txomin Mujikak.
Altzolako bainuetxeko jabea zen Jose Mari Balenzategiren bitartez heldu ziren partitura hori eta beste batzuk Txominen eskuetara. "Orain dela 40 bat urte lanera etorri zitzaidan Balenzategi, bainuetxean garbiketa egin zutela esanez, eta musikako paper zahar mordoa agertu zitzaiela esan zidan, zaborrontzira bota aurretik ia begiratu bat eman nahi nien galdetuz". Hurrengo egunean partituraz betetako maleta handi bat eman zion Balenzategik Mujikari, eta haien artean topatu zuen Jose Albisuk Juan Mugertzari eskainitako martxa. "Albisu 1900. urtean jaio zen, Juan Mugertza moduan, eta elkarrekin joan ziren eskolara, lagunak ziren. Solfeoa eta pianoa Bereziartuarekin ikasi zituen, eta bulego batean lan egiten zuen arren, uda guztia Altzolako bainuetxean pasatzen zuen pianista moduan. Mugertza kirolean nabarmentzen hasi zenean, lehenengoz Espainiako txapeldun izan zen urtean, 1917an, piezatxo hori idatzi zion Albisuk. Bi lagun, biak 17 urtekoak, bata Espainiako txapelduna, bestea pianista, eta abesti hori idatzi zion. Istorio oso polita begitantzen zait. Albisuk pianoan joko zuen abestia, baina bandak lehendabiziko aldiz joko du gaur bandarako moldatu dugun pieza". Eta halaxe itxi zuten Mugertzaren omenezko kontzertua, haren lagun Jose Albisuk duela 108 urte konposatutako abestia Herriko Antzokian joz.