Elgoibarko soinu banda izan zuen zapatuak

Barren 2025ko mai. 19a, 12:54

Elgoibarko Musikarien Elkartearen Eguna izan zen zapatuan, eta herriko musika taldeak izan ziren protagonista. 

Kultur etxe aurrean hasi zuten festa eguerdian. Leftovers taldea izan zen egunari hasiera eman ziona, eta segidan 90Mem izenarekin irten zen kantura Oier Gurrutxaga, 90eko hamarkadako euskal metalaren hainbat kantu memoriara ekartzera. Arratsaldean jarraitu zuen festak Maalako parkean. Ufal taldeak zabaldu zuen arratsaldeko jarduna, euskal abesti ezagunen bertsioak eginez. Segidan etorri ziren Gabi eta Alfon, eta eskaini zituzten klasikoak eta beraien kantak. Xut taldea taularatu zen ondoren, eta gero Kitziki. Oholtzara igotzen azkena izan zen Ehun Kilo taldea. Patxi Zabaleta gitarran eta Iñigo Barrenetxea baterian zituela taularatu ziren, eta taldearen kanta ezagunenak jo zituzten. Goia jo zuen giroak Jambo, Tango Feroz edota Mendekua doinuen erritmora. Patxi Zabaletak eskerrak eman zizkien bere eta Iñigo Barrenetxearen partez Ehun Kiloko taldekideei, beraiekin jotzeko aukera emateagatik. 

Musikariak elkarrekin nahastuta igo ziren ondoren, Bertsio Festan eta hainbat talderen bertsioak eskaini zituzten. 

Sorpresa modura Elgoibarko kantari emakumezkoak igo ziren oholtzara, eta Zea Mays taldearen Elektrizitatea abestu zuen elkarrekin.