Mailari eustea lortu dute C.D. Elgoibarko Haundi taldeek

Barren 2025ko mai. 18a, 21:19

Garaipenak, salbazioa, emozioak eta agurrak. Horrela labur daiteke atzo Mintxeta futbol zelaian bizitakoa.

Ohorezko Erregional Mailan jokatuko dute hurrengo denboraldian emakumezkoen zein gizonezkoen Haundi futbol taldeek; azken jardunaldian lortu du salbazioa emakumeen taldeak eta azkenaurrekoa gizonenak. 

Denboraldiko azken partida etxean jokatu zuen emakumezkoen Haundi taldeak Tolosaren aurka, eta 2-1 irabazi zuten partida, maila galtzeko zituzten aukera guztiak uxatuz. Galduz gero ere eutsi ziezaioketen mailari; garaipena eskuratuta, ziurra zen. Bi goleko aldearekin ailegatu ziren atsedenaldira, eta azken minutuetara arte eutsi zioten markagailuko abantailari, baina, 87. minutuan gola sartu zuten tolosarrek. Berdinketa lortzeko aukera bat ere izan zuten bisitariek, eta hirugarrena sartzekoa ere bai Haundik; zutoina jo zuen baloiak bigarren zatiko aukerarik argienean.

Epaileak amaiera adierazi zuenean sentimendu nahasiak lehertu ziren berdegunean, poza eta baita negarrak ere. Alde batetik mailari eutsi izanaren poza, eta bestetik taldea lagako duten jokalarien agurrek sortutako emozioa. Garazi Catalan taldeko kapitaina da taldea lagako dutenetariko bat, eta taldekideen omenaldia jaso zuen. Jokalari eta entrenatzaileek pasiloa egin zioten eta taldea lagatzekoak diren hiru jokalariren eskutik jaso zuen lora sorta, Arene Salegi, Saioa Aranburu eta Nerea Peralesen eskutik.

Hamasei talde lehiatu dira Ohorezko Erregional Mailan eta azken sailkapenean 11. postuan amaitu dute elgoibartarrek, 29 punturekin. Bederatzi partida irabazi dituzte, hemeretzi galdu eta bi berdindu. Jardunaldi mordoxka jaitsiera postuetan egin dituzten arren, azken partidetako erreakzioari esker sailkapenean gora egitea lortu dute, mailari eutsiz. 

Mailari eutsi dio gizonezkoen Haundi taldeak

Gizonezkoen Haundi taldeak emakumezkoen partidaren ostean jokatu zuen ligako azkenaurtreko partida, etxean jokatuko duten azkena. Donostiako Vasconia taldea izan zuten aurtari eta 2-1 gailendu ziren etxekoak. Halere, gaur arratsaldean jokatu dituzten bi partiden emaitzen zain egon behar izan dute mailari eutsi diotela ziurtatzeko. Beti Gaztek 5-0 irabazi dio Deustori eta Tolosak eta Hernanik bana bedindu dute. Honenbestez, azken hirugarren postuan dagoen Deustok 33 punturekin jarraitzen du eta ezin izango da Hundik dituen 37 puntuetara heldu. Azken jardunaldira sailkapeneko 14. postuan ailegatuko da C.D. Elgoibarko taldea. Irunen jokatuko dute ligako azken partida, Real Union B taldeare aurka.