Bretainiako, Martinikako eta Istanbulgo ikasleak Elgoibarren dira egunotan

Barren 2025ko mai. 16a, 10:45

Istanbulgo Andolu Lisesi ikastetxetik Elgoibarrera etorritako ikasleak eta irakasleak Bilbon.

Elgoibar Ikastolak nazioarteko bi elkarlanerako proiektu hartu ditu asteon: Erasmus+ eta Herri Txikiak, Hizkuntza Handiak, eta horien baitan Bretainia, Martinika eta Istanbulgo ikasle eta irakasle talde bat izan da egunotan Elgoibarren (astelehenera arte izango dira gurean batzuk). 

Hezkuntza, kultura eta hizkuntza aberastea dute helburu bi programa horiek. Erasmus + programaren barruan, adibidez, permakultura lantzen ibili dira DBHko hirugarren mailako ikasleak azken 15 hilabeteetan, eta Herri txikiak, Hizkuntza Handiak programan, hizkuntza gutxituen inguruko lanketa egin dute DBHko bigarren mailako ikasleek, eta elkartrukeak euren lana nazioartek testuinguruan kokatzeko aukera eman die, Elgoibarko Ikastolaren esanetan. 
 
Bretainiako Diwan eskola-saretik 30 ikasle eta hiru irakasle parte hartzen ari dira elkartrukean, bi ikasle eta bi irakasle Martinikako Gerard Cafe College zentrotik eta zortzi ikasle eta bi irakasle Istanbulgo Andolu Lisesi ikastetxetik. 
 
Gainera, Kutxa Fundaziotik jaso duten laguntzari esker, Elgoibarko paisaia linguistikoa eta hizkuntza-kontzientzia lantzeko "Klik-Elkartrukea. Hizkuntzen zubia” izeneko ekimena egingo dute herrian, Ikastolatik mundura: hizkuntzak, jasangarritasuna eta elkarbizitza egitasmoa ardatz hartuta.