Aurreko urteetan bezala, dirulaguntza hori bi sailetatik bideratuko du Udalak: Euskara Sailetik 130.000 euro eta Gazteria eta Hezkuntza Sailetik 80.000 euro. Guztira 210.000 eurokoa izango da diru laguntza, iaz baino 12.000 euro gutxiago.
Atzo sinatu zuten lankidetza-hitzarmena Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak eta Amaia Sastre Elgoibarko Izarrako presidenteak, eta ekitaldian parte hartu zuten Euskara, Gazteria eta Hezkuntza sailetako zinegotzi Aitor Iriondok eta elkarteko dinamizatzaile Imanol Larrañagak.
Diruz lagunduko dituztenak
Euskara Sailetik 62.500 euro jasoko ditu Elgoibarko Izarrak BARREN eta barren.eus proiektuetarako, eta 31.000 euro, familia transmisioko ekintzetarako, Berbazulo saioetarako eta Tertuliak ekimenerako. Euskararekiko sentsibilizazioa-erabilera sustatzeko, berriz, 35.000 euro emango dizkio Udalak elkarteari eta Eguberrietako Bertso jaialdirako 1.500 euro.
Gazteria eta Hezkuntza Sailetik 30.000 euroko laguntza jasoko du elkarteak oporraldiak (udaberria, uda, negua) egitasmorako. Familia programarako, berriz, 19.000 euro jasoko ditu, 7.000 euro Jolasaren asterako, 8.500 euro Gaba Beltza antolatzeko, 7.500 euro Olentzero eta Mari Domingiren kalejirarako eta 8.000 euro haur eta gurasoen artean euskara sustatzeko.