Juan Mugertzaren (1900-1936) omenezko kontzerturako kirolarekin zerikusia duten konposizioak aukeratu ditu musika bandak. Domeka honetan, maiatzaren 18an, izango da Elgoibarko Herriko Antzokian, 12:30ean.
Gorka Mujika Urainek zuzenduko du kontzertua, eta zazpi pieza joko dituzte, J. Albisuk konposatutako "A mi querido amigo Juan Mugerza" pieza tartean. Abesti horrekin itxiko dute kontzertua. Hona egitaraua:
- TRIUMPHE……..………………………………. F. Popy
- FORREST GUMP……..…………..……….…A. Silvestri
- CARROS DE FUEGO….…………..………….…Vangelis
- OLYMPIC FANFARE AND THEME……..….J. Williams
- WE ARE THE CHAMPIONS..……………….…..G. Tiner
- OLIMPIADA……………..………………….…….S. Hazo
- A MI QUERIDO AMIGO JUAN MUGERZA…....J. Albisu
Juan Mugertza, bizitza motza baina oparoa
Juan Muguerza Sasieta Elgoibarren jaio zen 1.900eko maiatzaren 6an, eta 36ko Gerran hil zen, 1937an Mungiatik gertu izandako bonbardaketa batean.
Kirol ibilbideari dagokionez, gaztetatik hasi zen nabarmentzen atletismoan, eta 17 urterekin 1.500 eta 5.000 metroko Espainiako Txapelketak irabazi baitzituen Donostian. 1917tik 1922ra bitartean erabateko nagususitasuna erakutsi zuen bi distantzia horietan, eta bera gailendu zen parte hartu zuen 1.500 metroko Espainiako txapelketa guztietan (1917, 1918, 1919, 1920 eta 1921). Era berean, lau alditan irabazi zuen 5.000 metroetako Espainiako Txapelketa (1917, 1918, 1919 eta 1921).
Mugertzak Behobia-Donostia lasterketa ere irabazi zue 1919. urtean, lasterketa jokatu zen estreinako edizioan, alegia.
Nazioartean, 1920ko Anberesko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen 1500 eta 5000 metro lauetako probetan, baina ez zituen aurreneko txandak gainditu, seigarren geratu baitzen bere 5.000 metroko txandan, eta 1.500 metrokoan ezin izan zuen lasterketa amaitu bere seriean.
1922an atletismoa laga eta Afrikako Gerrara (Rifeko gerra) joan behar izan zuen. Afrikako gerratik itzuli zenean, ez zen berriro goi mailan lehiatu.