San Isidro eguna ospatzeko hamaiketakoa emango dute udaletxeko arkupeetan

Barren 2025ko mai. 13a, 14:42

Sallobenteko baserri bat.

Gipuzkoako hainbat herritan bazkari eta azoka bereziekin ospatzen dute baserritarren eguna den San Isidro Eguna, eta Elgoibarren ere ospatuko dute aurtengoan.

Kondairaren arabera, Isidro delako gizon bat egunero-egunero hutsik egin gabe mezetara joaten zen goizean-goiz lanean hasi aurretik. Egun batean, mezetatik bueltan sorora joan eta lanean hastera zihoala, soroko lan guztiak eginda aurkitu zituen. Mirari hori dela eta ospatzen omen da San Isidro eguna maiatzaren 15ean. Santu honen omenez, garai batean ez zen lanik egiten baserri inguruetan. 

Elgoibarko Udalak bat egin du ospakizunarekin eta herritarrentzako hamaiketakoa emango dute eguen eguerdian, 11:00etako meza bukatu ostean. Udaletxeko arkupeetan emango dute hamaiketakoa, eta herritar guztientzako dela zehaztu dute. "Egun berezi hau ospatzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak", adierazi dute.