Pertsona nagusientzako Eguneko Arreta Zerbitzua jarri dute martxan

Barren 2025ko mai. 12a, 16:42

Elgoibarko adinekoen autonomia eta bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin jarri dute abian Eguneko Arreta Zerbitzua.

Elgoibarko Udaletik jakitera eman dutenez, iazko urte amaieran esleitu zuten zerbitzua Bizitzen Fundazioak kudeatuko du eta hasiak dira zernitzua ematen. Une honean hamazortzi erabiltzaile daude izena emanda. 

Zerbitzua astelehen, asteazken eta ostiraletan ematen dute Jubilatuen Biltokiko erabilera anitzeko gelan, 10:00etatik 13:00etara bitartean. Bi profesional arduratzen dira saio horiek gidatu eta kudeatzeaz, eta, besteak beste, estimulazio kognitiboa eta mendekotasuna atzeratzeko terapiak lantzen dituzte. Zerbitzua adineko pertsona autonomoentzat edo mendekotasun maila arina dutenentzat pentsatua dago, eta horien senideei ere "atseden eta laguntza" eskaintzen die. Gizarte zerbitzuetatik egiten dira eskaerak eta Gizarte Zerbitzuen baliabide-sarearen baitan kokatzen da. Udaletik prentsa ohar bidez nabarmendu dutenez, zerbitzuaren balorazioa "oso ona" izan da, eta eskaintza hobetzeko eta erabiltzaileen beharretara egokitzeko asmoz, zerbitzuaren eta egungo eskariaren jarraipen zehatza egiten ari dira.