Bederatzigarren postua Ainhoa Lendinezentzat Transvulcania igoera bertikalean

Barren 2025ko mai. 12a, 16:07

Munduko mendiko korrikalari onenak Las Palmasen (Kanaria uharteak, Espainia) bildu ziren asteburuan, Transvulcania proba entzutetsuan parte hartzeko. Maratoi ediko distantziako proban eta kilometro bertikalean lehiatu zen Ainhoa Lendinez.

73 kilometroko ibilbidea duen Transvulcania ultratraila da Las Palmasen jokatzen den probari sona ematen diona, baina beste hainbat distantziatan lehiatzeko aukera ere badute mendiko lasterkariek: maratoian, erdi maratoian eta kilometro bertikalean. 
Eguenean jokatu zuten igoera bertikalean 160 kirolari lehiatu ziren. Partaideek Tazacorteko portutik irten eta Torre de El Timeraino igo behar zuten 7 kilometroko ibilbidea osatuz, hau da, itsas mailatik abiatu eta 1.600 metrora dagoen tontorrera igo behar zuten. Luca del Pero italiarra eta Maude Mathys suitzarra izan ziren igoera osatzen azkarrenak. Emakumezkoetan probako errekorra ondu zuen Mathysek, 56:49ko denbora eginda. Silvia Lara espainiarrak egin zuen bigarren denborarik onena (01:02:22) eta Yuri Yoshizumi jaoniarrak hirugarrena (01:02:46). Ainhoa Lendinez Garate  9. postuan sailkatu zen, 01:11:44ko denbora eginda (sailkapenak). 

Barikuan, berriz, maratoi erdiko proban hartu zuen parte Lendinezek. Igoera bertikalean moduan, Maude Mathys izan zen azkarrena 24 kilometroko ibilbidea osatzen, 02:37:20ko denborarekin. Elgoibartarra 16. postuan helmugaratu zen, 03:28:14ko denbora eginda. Lendinez pozik dago proba bukatzea lortu izanarekin, eguraldia ez baitzuten alde izan. "Kanarietan inoiz eduki ez duten eguraldia egin zigun, izugarrizko hotza, euri jasekin eta haize indartsuarekin. Hipotermiak jota laga behar izan zuten askok lasterketa", azaldu du. 

Hirugarren postua Arranoaitzerako Igoera Bertikalean

XX. Aloñako Igoeraren baitan, Buetraitzeko kilometro bertikalaren ordez Arranoaitzerako igoera egin zuten joan den apirilaren 25ean. Bost urtean behin egiten den kilometro bertikala da, eta emakumezkoetan hirugarren postuan sailkatu zen Ainhoa Lendinez, 42 minutu eta 10 segunduko denbora eginda. Anna Pujol gailendu zen (39:56) eta Larraitz Aragonentzat izan zen bigarren postua (40:13).

Kilometro bertikalen denboraldia Asturiasen hasi zuen Lendinezek, Llampaceseko igoera bertikalean, eta han ere podiumaren hirugarren koskara igo zen.