Gizonezkoen Haundi taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen barikuan, Mintxetan, Oiartzuni 2-1 irabazita. Mailari eusteko borrokan urrearen balioa izan dezaketen hiru puntu batu zituzten, eta ospatu ere halaxe egin zuten Borja Rochak entrenatutako jokalariek.
Ohorezko Erregional Mailako Liga txapelketa bukatzeko bi jardunaldi falta dira eta azkenaurrekoa ere etxean jokatuko dute elgoibartarrek, zapatu honetan. Azken sailkatua izango dute aurkari, Donostiako Vasconia taldea. Matematikoki mailaz jaitsita egon arren, Urolari Zumarragan irabazi ondotik etorriko dira donostiarrak Elgoibarrera. 18:30ean hasiko da partida, eta zaleen babesa eskatu dute C.D. Elgoibarretik. Azken jardunaldian hirugarren postuan sailkatuta dagoen Real Union B taldearen aurka jokatuko du Haundik Irunen, eta honenbestez, azken partidara etxeko lanak eginda iristea komeni zaie. Asteburuan Beti Gaztek eta Deustok jokatuko duten partidako emaitzak ere eragin zuzena eduki dezake Haundiren azken sailkapenean. Haundik moduan, 34 puntu ditu Beti Gaztek eta 33 puntu Deustok, azken hirugarren postuan dagoen taldeak.
Azken partida emakumezkoen Haundi taldearentzat
Emakumezkoen Haundi taldeak Ligako azken partida jokatuko du zapatuan Mintxetan, 15:30ean, Tolosaren aurka.
Elgoibartarrek 0-1 galdu zuten azken jardunaldian, Oiartzunen, eta sailkapeneko 11. postuan daude orain, 26 punturekin. Ostadar eta Hernani taldeek 25 puntu dituzte eta 24 puntu ditu Irauli Bostekok. Dagoeneko maila galduta dute azken bi sailkatuek, Beti Gaztek eta Ondarbeltz Amaikak Mutriku taldeek. Oraindik ez dago argi bi edo hiru taldek galduko duten maila. Hortaz, badaezpada, azken aurreko hirugaren postuan ez amaitzeko lehia horretan arituko dira lau talde azken jardunaldian: Elgoibar, Ostadar, Hernani eta Irauli Bosteko.