Elgoibar inguruko mendiak mendizalez bete dira Morkaikoren Egunean

Barren 2025ko mai. 10a, 16:35

Mendizaleen egun handia da gaurkoa Elgoibarren. Goizean goizetik mendizalez bete dira herriko kaleak eta inguruko mendiak.

Elgoibarko Mendi Itzulia, Itzulitxoa eta Finalista Eguna batzen dituen Morkaikoren Egunaren hamahirugarren ekitaldia da gaurkoa. Estreinakoz dortsalekin aritu dira Elgoibarko Mendi Itzuliko partaideak, eta izen-ematea ere kirolprobak webgunearen bitartez bakarrik egin zitekeen lehendabizikoz. Izena emateko modu berriak ez dira oztopo izan, alderantziz, inoiz baino lagun gehiago apuntatu baitira. Iaz 540 lagun inguru izan baziren, ehun gehiago dira aurten Itzulian eta Itzulitxoan izena emandakoak, 640 inguru, alegia.  

Mendian ibiltzeko tenperatura egokia izan dute mendizaleek, 10-15 gradu artekoa, eta eguerditik aurrera ekaitz arriskua emanda zegoen arren, ateri eutsi dio, eta eguzkiak ere egin die kuku mendizaleei. Gero hasi da euria, 16:00ak inguruan. 

Gurutzbidea Morkaikon

Ibilbidean aldaketa txiki batzuk izan dira, eta horietan aipagarriena Morkaiko mendira ailegatzeko modu berria izan da. Aiastiako anoa postuan indarrak berritu eta gero, orain arte moduan pistatik joan beharrean, Murkaikupe frontoiaren atzetik abiatzen zen mendi bidea hartu behar zuten Elgoibarko Itzulia egin duten mendizaleek, eta zuzen-zuzenean igo Morkaikoko gurutzeraino. Penditz handiko bideak ezustean harrapatu ditu ia denak, eta benetako gurutzbidea izan da askorentzat, sufrikarioa. Lau hanketan ere igo dira batzuek. Antolatzaileek jarritako piraten bandera handi bat zuten zain goian, mendizaleei egin dieten enboskadagatik, agian...

Itzuliko eta Itzulitxoko partaideek bat egin duten lekua ere izan da Morkaiko gaina. Batzuk beherantz zihoazen eta Kalamuarantz besteak.