Erbuze Elgoibarko erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten konpartsak antolatuta, laugarrengoz egingo dute bihar erraldoien topaketa Elgoibarren. Herriko kaleetan egitekoak ziren arren, euria iragarrita dagoela-eta aterpean egitea erabaki dute antolatzaileek, Sigmako aparkalekuan, hain zuzen ere. 17:00etatik aurrera ikusgai egongo dira erraldoiak eta 17:30ean hasiko da ofizialki topaketa.
Aurtengoan Markinako, Iruñeko eta Bergarako konpartsek hartuko dute parte, Elgoibarkoekin batera.
Iruñeko Alde Zaharreko Konpartsa
Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien Konpartsa 2001ean sortu zuten irabazi asmorik gabeko Gazte eta Kultura Elkartea da. Gaur egun, konpartsa erraldoi-eramaileek, kiliki-eramaileek eta musikariek osatzen dute. Lau metro pasako lau erraldoik osatzen dute taldea, eta pertsonaiek lau elementu irudikatzen dituzte: Lurra, Sua, Ura eta Airea. Erraldoiekin batera, lau kiliki ere badituzte: Napoleon, Payaso, Pamplonica eta Demonio. Iaz ere hartu zuten parte Elgoibarko Topaketan.
Bergarako Erraldoi eta Kilikien Konpartsa
2000. urtean Bergaran sortutako taldea da. Lau erraldoirekin hasi zuten ibilbidea, eta gaur egun sei erraldoi handi, zortzi txiki, bi ertain, bi ipotx, sei buruhandi eta lau kiliki dituzte. Ehun bazkidetik gora ditu taldeak. Azkenaldian sarritan etorri dira Elgoibarrera eta bi alditan parte hartu dute Elgoibarko Topaketan; azkenekoz, iaz.
Markina-Xemeingo Erraldoien konpartsa
Hamar dira gaur egun Markina-Xemeingo erraldoiak dantzan ipintzen dituztenak, beste hainbat laguntzaile badituzten arren. Lau erraldoi dituzte: Elorrio, Kontxita, Peru Abarka eta Bixenta Mogel. Erraldoi nagusiez gain, beste txikiago batzuk ere badituzte: Zerutxu eta Kokote. Iaz Markina-Xemeingo Erraldoien topaketa antolatu zuten estreinakoz eta Elgoibarko Erbuze konpartsa izan zen gonbidatuetako bat. Elgoibartarrek auzokoak gonbidatu dituzte aurten.