Denboraldiko une erabakigarrienera heldu dira senior mailako Sanloko bi taldeak, emakumeena zein gizonena. Lehen postuetan amaitu dituzte Euskadiko Liga Txapelketak, eta mailaz igotzeko fasera sailkatzeko aukera izango dute orain, asteburuan.
Malapek Oreretan jokatuko du Lauko Finala
Senior emakumezkoen Malape taldeak Ohorezko Zilarrezko Mailara igotzeko Lauko Finala jokatuko du Errenteriako Galtzaraborda kiroldegian. Euskadiko liga txapelketa lehen postuan amaitu zuen Loiuko CD Urdanetak zuzenean lortu zuen mailaz igotzea eta hurrengo lau sailkatuek Lauko Finala jokatuko dute (sailkapena). Elgoibartarrek Urdaibai taldea izango dute aurkari finalaurreko lehian, zapatuan, 16:00etan. Etxeko taldeak, Ereintzak, Leizaran taldearen aurka jokatuko du bigarren finalerdia, 18:30ean. Finalerdietako irabazleek jokatuko dute finala domekan, 11:30ean.
Alcortak Zarautzen jokatuko du Lauko Finala
Senior gizonezkoen Alcorta Forging Groupek ere lortu du mailaz igotzeko lehen kanporaketa jokatzeko sailkatzea, Liga txapelketan laugarren sailkatu eta gero (sailkapena). Saizar Usurbil taldeak irabazi du Liga eta zuzenean sailkatu dira igoera fasea jokatzeko. Asteburuan Zarautzeko Aritzbatalde kiroldegian jokatuko duten Lauko Finala irabazten duen taldeak lortuko du igoera fase hori jokatzeko jokoan dagoen bigarren txartela. Alcortak Urdaneta taldearen aurka jokatuko du finalaurrekoa, zapatuan, 15:00etan. Bigarren finalerdian Txikipolit Zarautzek eta Legazpiko Lau Bide Jatetxea taldeak jokatuko dute elkarren aurka. Domekan izango da finala, 12:30etik aurrera.