Vicente Guinearen argazkiak Donostian ikusgai

Barren 2025ko api. 16a, 13:09

Vicente Guinea Donostiako Okendo Kultur Etxean bere argazkiekin osatu duten erakusketan. Arg: Andoni Canellada / FOKU

Zuhaitzen forma bitxiei eskainitako argazki erakusketa zabaldu dute Donostiako Okendo Kultur Etxean, Vicente Guinea elgoibartarraren argazkiekin.

Mendiko ibilaldi luzeetan, naturak emandako forma arrotz eta aldi berean erakargarri ugarietan inspiratutako lana da 'Irudimenari irekia dagoen erakusketa' izenekoa. Animalien, gizakien edo bakoitzak irudikatu nahi duenaren aurpegien antzeko irudiak topatu daitezkelako izendatu zuen horrela egileak, Vicente Guineak (Elgoibar, 1950). Euskal Herriko mendi eta baso gehienak bisitatu ditu, pagadietan arreta berezia jarriz eta bere argazki gehienak bertan eginez.
Okendo Kultur Etxean bisitatu daiteke Guinearen argazkiekin osatutako erakusketa. 50 argazkik osatzen dute zuhaitzei eskainitako bilduma eta horietako 22 jarri ditu ikusgai Donostian. Maiatzaren 5era arte bisitatu ahal izango da erakusketa, doan (kokalekua eta ordutegia). 

Udazkenean ere Guinearen argazkiekin osatutako beste erakusketa bat jarriko dute Okendon berton, Jaizkibelen Geoformak izenburua duen erakusketa, hain zuzen ere.