Erakusketa maiatzaren 26ra arte izango da ikusgai, eta inauguruazio egunean, Pello Arrieta historialariak hitzaldia emango du, 19:30ean.
Lerun egin aurretik, Azkuben jokatzen zuten futbolean elgoibartarrek, San Roke ermitaren ondoan dagoen zelaian. Gero, Deba ibaiaren eta errepidearen artean egin zuten futbol zelaia, Lerun eta Lerun-txiki baserrien ondoan. San Pedro fabrikatik oso gertu zegoen futbol zelaia, Karkizano baserriaren magalean eta herriaren erdigunetik kilometro batera, gaur egun BM supermerkatua eta Geminis enpresa dauden inguruan.
1925eko apirilaren 12an inauguratu zuten, C.D. Esperanza eta C.D. Elgoibar taldeen arteko partida batekin. Garai hartan Elgoibarko alkate zen Antonio Arrillagak egin zuen ohorezko sakea, eta galdu egin zuten etxekoek, 0 eta 1eko emaitzarekin.
1925etik 1993ra, ehunka futbol partida jokatu zituzten Lerunen, eta goi-mailako makina bat futbolari atera ziren bertatik: Josetxo Arakistain, Juan Cruz Sol, Jose Mari Arakistain, Jose Luis Gonzalez eta Joseba Etxeberria, besteak beste.
Azken partida, 1993ko maiatzaren 15ean jokatu zuten han. Nolanahi ere, futbol zelaia baina gehiago izan zen Lerun, beste hainbat kirol-proba ere jokatu baitziren bertan, tartean atletismokoak eta ziklokrosekoak. Hantxe jokatu zen, esaterako, estreinako Juan Mugertza krosa ere, 1953an lehenengoz (1992. urtera arte jokatu zuten bertan).