Aurrera doa Gipuzkoako Hiru Txirlo txapelketaren 54. edizioa. Aurreko zapatuan jokatu zuten bosgarren jardunaldia Eibarko bolatokian, eta etxeko bolariak gailendu ziren, Asola Berriko hiru bolari sailkatu baitziren lehen sei sailkatuen artean. Bittor Ugarteburu eibartarrak irabazi zuen tiraldia, sei txirlo botata. Floreagako Erik Muñoz sailkatu zen bigarren postuan, sei txirlorekin. Hirugarren geratu zen Anartz Esteban eibartarra, bostekin, eta San Migel taldeko Iker Izagirre elgoibartarra sailkatu zen laugarren postuan.
Eibarko emaitzen ostean, Bittor Ugarteburuk alde polita hartu du sailkapen nagusian, lau txirlo aldea ateratzen baitio orain Anartz Esteban taldekideari. Asola Berriko bi ordezkarien atzetik Xabier Loiola (San Migel) eta Oier Azumendi (San Andres), daude, bost txirlora. Bikoteka eta taldeka San Migelekoak dira nagusi une honetan, Asola Berrikoen aurretik.
Aste Santua dela eta, zapatu honetan ez da tiraldirik izango, eta hurrengoa, txapelketako seigarrena, Idotorbeko bolatokian jokatuko dute, hilaren 26an.