Elgoibarrera ezkonduta, Mertxe Sueskun iruindarrak Fernando Beorlegi pintorearekin eta eskultorearekin ikasi zuen bi urtez, modelatzen bereziki. 1972 eta 1977 bitartean delineazio ikasketak egin zituen Elgoibarren eta Eibarren. Debako arte eskolako lehen promozioko ikaslea izan zen. Eskultura ikasi zuen, baina baita zeramika, grabatu kalkografikoa eta kolorearen eta formaren teoria ere. Donostiako Artelekun hainbat ikastaro egindakoa da eta erakusketak ere makina bat egin ditu.
Orain, 79 urteko artistak 80ko hamarkadatik gaur egun arte egindako 60 bat lanen multzo bat jarri dute ikusgai Nafarroako Museoan. Jostatuz, kontatu egiten dut izena jarri diote Txaro Fontalba eskultoreak komisariatu duen erakusketari. Martxoaren 27an inauguratu zuten eta irailaren 14ra arte egongo da ikusteko aukera. Erakusketa aldi baterako erakusketen aretoan dago ikusgai (beheko solairuan). Bisitaldi lagunduak ere egingo ditu Museoak (ikus egutegia)
Antolatzaileen esanetan, egindako lanen hautaketa Mertxe Sueskunen ibilbidearen adierazgarri da, eta bere harreman formal, material eta tematikoen arabera multzokatuta aurkeztu dituzte. Bere helburuetako bat da artista honek eskulturaren arloan egindako ekarpenak ezagutaraztea eta bere ibilbide zabalari garrantzia ematea, eta tokiko testuinguru artistikoan duen presentzia edo "bazterketa diskretuari" aurre egitea. Erakusketak, halaber, bere lan artistikoaren berezitasuna erakutsi nahi du, "hizkuntza geometrikoa erabiltzen jarraitu baitu, egunerokotasunaren, arinaren eta gertukoaren oroitzapenei adi betiere".
Sueskunek "oinarrizko eta funtsezko" formekiko duen gustua azpimarratu zuen inaugurazioan Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria den Rebeca Esnaolak, eskultore nafarraren "nortasun-ikur" bihurtu dena bere berbetan. "Testuingurutik kanpoko eguneroko eta etxeko erabilerako objektuen sorkuntzetan nabarmentzen da, oroimen sentimentaletara eramaten gaituztelako, baita munduaren hausnarketa sakonago eta konplexuago batera ere", adierazi zuen Esnaolak.
- Erakusketaren katalogoa -PDF-