Orioko sortzailearen obrari eta pentsamendu estetikoari lotutako diziplina artistikoen eta interes kulturalen aniztasuna irudikatzen dute artistok, Oskar Alegria zinemagile eta obraren zuzendariaren esanetan. Oteiza Fundazioak eta EITBk zuzendutako lankidetza-hitzarmenaren baitan sortu dute proiektua, eta EITBk konpromisoa hartu du telebistan, webgunean eta Primeran plataforman ematekoa.
Joan zen barikuan sinatu zuten Oteiza Fundazioak eta EITBk ikus-entzunezkoa ekoizteko hitzarmena, Altzuzako Oteiza Museoan, eta zehaztu zuten Danok Oteiza programaren barruan kokatzen dela proiektua. Errealizazio fasean dago une honetan ikus-entzunezkoa eta aurreratu dute 30 minutu inguruko iraupena izango duela. Kapituloka antolatu dute, friso moduan, eta parte-hartzaile bakoitzak Alegriak proposatutako Oteizaren iruditeriari lotutako kontzeptu bat interpretatu edo aipatuko du. Lehen fase honetan, grabazio batzuk egin dituzte: Esther Ferrer artistarena (isiltasuna eta hutsunea); Ignacio Agüero idazle eta zinema zuzendari txiletarrarena (Oteiza eta Huidobro); Alicia Otaegi artistarena (Oteiza eta maskara); Josu Iztueta abenturazalearena (apostoluak eta Arantzazuko mendiak); Amorante musikariarena (apostoluen doinua) eta Alegria berarena (Oteiza eta ipar-mendebaldea).
Era berean, Bertha Bermudez dantza ikertzaileak eta Jaione Apalategi Oteiza Fundazioko lehendakaria ere grabatuko dituzte aurki. Oteizak keinuarekin eta euskararekin duen harremanari buruzko "apostolutza" egingo dute. Euskal Herrian hartu dituzte irudiok, baina Japoniako, Parisko, Txileko eta New Yorkeko hainbat agertokitan ere egin dituzte.