'Artea' antzerkia taularatuko dute barikuan Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren 2025ko api. 9a, 13:31

Artea hiru lagunen arteko komedia da. Sergiok koadro moderno bat erosi du dirutza handia ordaindu ondoren. Marcosek gorroto du koadroa, eta kosta egiten zaio sinistea Sergiori koadroa benetan gustatzen zaionik. 

Hirugarren laguna, Ibon, saiatuko da Marcos eta Sergioren arteko desadostasunean bitartekari izaten. Arte modernoari buruzko azaleko desadostasuna izanik, adiskidetasunari buruzko eztabaida latza bihurtzen da, Ibon erdi-erdian hartuta. Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza dira hiru aktoreak. 

Art (Artea) antzezlana 1998an estreinatu zenetik 35 hizkuntzetara itzuli dute. 1998an New Yorkeko Tony Award sari ere jaso zuen, eta Txalo Produkzioak konpainiakoek jakinarazi dutenez, munduko antzoki ia guztietan ikusi ahal izan da obra hau: Berlinetik Londonera, Tokio, Bombay, Johannesburgo, Buenos Aires, Madril, Bratislava, Paris..., e.a.

Elgoibarren ere emango dute, barikuan, apirilaren 11n, Herriko Antzokian, 19:00etatik aurrera. Sarrerak herrikoantzokia.eus webgunean erosi daitezke aurrez.