Hori bai, proiektuak 2025eko ekitaldian gauzatu behar dira, eta bat etorri behar dute Herritarren Batzordearen helburuekin. Elgoibarko kultur bizitzan parte hartzea eta udalerriko artisten, elkarteen, enpresen eta partikularren arteko lankidetza sustatzea du helburu batzorde horrek.
Elgoibarren erroldatuta dauden edo herrian jaio diren pertsonek edo toki-erakundeek eskatu ahal izango dute beka, eta eskatzaileek 18 urtetik gorako izan behar dituzte eskabidea aurkezten duten egunean. Eskabideak aurkezteko epea 2025eko apirilaren 30ean amaituko da, eta udalaren webgunean eskuragarri dauden zerbitzu telematikoen bidez aurkeztu behar dira, eskatutako dokumentazioarekin batera: betetako eskabidea, aurrekontu xehatua, eskatzailearen IFZ/IFK, eta beste egiaztagiri batzuk.
Udaleko zerbitzu teknikoek ebaluatuko dituzte beka lortzeko aurkeztutako eskaerak, irizpide hauek kontuan hartuta: proiektuaren kalitate artistikoa, bideragarritasun ekonomikoa, euskararen erabilerari egindako ekarpena eta genero-ikuspegia txertatzea. Guztira 7.000 euroko aurrekontua du ekimenak.
Iaz diruz lagundutako hiru proiektuak
Iaz egin zuten deialdian, hiru egitasmo aukeratu zituzten diruz laguntzeko: Egur Arte Tailerraren proiektu bat Sigmaren probalekuko 17 zutabe eraldatzeko (5.400 euroko laguntza jaso zuen), Txoteko Ezpata taldearen ‘Ilunpean jai duzu’ diskoa argitaratzeko egitasmoa (1.000 euroko laguntza jaso zuen); eta, Ibon Serranok Mugertza krosean inspiratutako margolan bat sortzeko proiektua (600 euroko laguntza jaso zuen).