Porrot gogorrak C.D. Elgoibarko taldeentzat

Barren 2025ko api. 7a, 10:20

Jaitsiera postuetatik irteteko aukera berri bat galdu dute Haundi gizonezkoen zein emakumezkoen taldeek azken jardunaldian.

Gizonezkoen Haundi taldeak 0-3 galdu zuen Mintxetan jokatutako partida Lesakako Beti Gazte taldearen aurka. Partida irabaziz gero, lesakarrak saikapenean berdintzeko aukera zuten elgoibartarrek, baina sei puntuko aldea dute orain nafarrek. Jaitsiera postuetatik kanpo dagoen lehen taldeak, Hernanik, Haundik baino hiru puntu gehiago (29 puntu) ditu. Sei partida falta dira liga bukatzeko eta elgoibartarrek Tolosan jokatuko dute hurrengo neurketa, 8. postuan dagoen Tolosaren C.F. taldearen aurka.

Emakumezkoen Haundi taldeak ere galdu egin zuen Bergaran jokatutako partida, 3-1eko emaitzarekin. Hortaz, 20 punturekin jarraitzen dute sailkapenean, azken hirugarren postuan. Irauli Bosteko taldea dute goitik, lau puntu gehiagorekin. Hurrengo jardunaldian Beti Gazteren aurka jokatuko dute elgoibartarrek, Mintxetan. Azkenaurreko postuan dagoen taldea izanda, hiru puntuak eskuratzeko aukera izango dute elgoibartarrek. Lau jardunaldi falta dira liga bukatzeko.