Ander Mujikak eta Ainhoa Mendibilek Elkar Estudiotik egin dute Kilometroak 2025eko kantuaren bideokliparen grabazioan parte hartzeko deia, goian ikus dezakezuen bideoaren bidez. Aurreratu dutenez, Jone Arriola zinegile elgoibartarrak zuzenduko du bideoklipa. Eguraldiak laguntzen badie, bideoklipa bi egunetan grabatzen saiatuko dira: maiatzaren 7an eta 8an. "Maiatzaren 7an jende gutxirekin nahikoa izango dugu, baina maiatzaren 8an ahalik eta jende gehien batzeko ahalegina egingo dugu", azaldu dute. Zein den argitu ez duten arren, bideoklipeko protagonista nagusia lotuta dutela ere aurreratu dute.
Ainhoa Mendibilek azaldu du zer nolako figuranteak behar dituzten. "Elgoibarren ospatuko dugun Kilometroak jaiaren helburuetako bat da herrian euskararen erabilera areagotzea, eta zehazki, helduek euskara gehiago egitean jarriko dugu fokua. Gustauko litzaiguke aurtengo urtean lehen gaztelera edo erdara erabiltzen zuten ehun helduk euskarara salto egitea, urtebeteko epean. Horregatik nahi dugu bideoklipeko protagonistak helduak izatea, bereziki. Elgoibarko ehun heldu behar ditugu, gutxienez, bideoklipean figurante lanak egiteko. Heldu guztieri zabaldu nahi diegu parte hartzeko aukera eta horretarako galdetegi bat sortu dugu. Bete galdetegia zuen datuekin eta animatu parte hartzera", esan du. Figuranteen lana oso ondo pasatzen ari direnaren itxurak egitea izango dela jakinarazi dute eta hori egiten "oso-oso ondo" pasatuko dutela agindu diete.
Apirilaren 11rako eman behar dira datuak. "Aukeratu, mesedez, libre dituzun tarte guztiak, eta erantzun kopuruaren arabera, taldeak antolatu eta zein txandatan egon behar duzun jakinaraziko dizugu telefonora mezua bidalita, apirilaren 30erako".
Ume gutxi batzuk ere beharko dituzte grabaketarako, baina horiek Ikastolan osatutako Ikasleen Batzordeak lotuko dituzte.