Aireko akrobatak: June Langara eta Ilargi Galeano

Ainhoa Andonegi eta Asier Orbea 2025ko api. 5a, 17:46

Negulekuetan hasi zen guztia, orain dela bost bat urte. June Langara eta Ilargi Galeano elgoibartarrak LH4. mailan zeuden, eta Ondarroako zirko tailerrean eman zuten izena. Oihalekin akrobaziak, malabareak, soka ariketak eta bestelakoak egin zituzten eta egun horiek pasata, zirko munduan sakondu nahi zutela erabaki zuten. Ezagun baten bitartez, Eskoriatzako Airean eskolaren berri izan zuten, baina itxarote-zerrenda zegoen. Junek lortu zuen lehenengo han sartzea eta urtebete geroago sartu zen Ilargi. Aire akrobatak dira biak, eta airean dantzan gozatzen dute. 

Aire akrobatak dira June Langara eta Ilargi Galeano (Elgoibar, 2010). Orain dela bost urte hasi ziren zirko tailerrean parte hartzen, eta ordutik sokatik zintzilik bizi dira. Ondarroako negulekuetan hasi zuten ibilbidea, baina ez ziren han ase, eta barruan piztu zitzaien harrari jaten emateko, eskolaren baten bila hasi ziren. Ezagun baten bidez Eskoriatzako Airean
akrobazia elkartera iritsi ziren. "Eskola serioagoa da, teknika asko lantzen da, eta jende heldua ere badabil han", azaldu du Junek. Talde txikitan ematen dituzte eskolak, eta hasieran itxaron zerrendan jarri zituzten. "Ni nahiko azkar sartu nintzen, eta urtebetera lortu zuen sartzea Ilargik". Astean behin joaten dira saioetara eta ordu eta erdiko eskolak jasotzen dituzte.
Gure Zirkua zirkoko kide izandako Agurtzane Telleria dute irakasle. Eskoriatzan, Aretxabaletan eta Arrasaten ematen ditu eskolak, eta Soraluzeko kiroldegian dituzte ohialak, beraien kabuz entrenatzeko: "Edonori ez diote lagatzen han ibiltzen, baina gu eskolako kideak garenez, joan gaitezke. Gure oihalak ere baditugu, eta ahal dugun guztietan entrenatzen gara". Entrenamendu saioetan 3-4 metroko alturan ibiltzen dira, baina jende aurreko emanaldietan zazpi metroraino igotzen dira. Han goitik mundua desberdin ikusten dela diote: "Polita ikusten da dena! Jende guztia guri begira, irribarrez eta harrituta... Poz handia ematen du", azaldu du Ilargik. Ez diote altuerari beldurrik, eta horren sekretua ere kontatu dute: "Umetan hasi ginen, eta gauza guztiak bezala, hau ere umetatik hasita hobeto ikasten da. Umetan ez geneukan beldurrik, hasieratik hasi ginen txiribueltak ematen, eta orain teknika hobetu dugunez, ondo moldatzen gara alturan". Taldeko gazteenak dira, baina beteranotzat dute euren burua: "Eskolan umeen, nerabeen eta helduen taldeak daude, eta gu helduen taldean gaude. Gazteenak izan arren, eskolako beteranoak gara, aspaldi hasi ginelako klaseak jasotzen. Irakasleak postura berriren bat erakusten duenean beti izaten gara lehenak probatzen". 

Ez da oso kirol ohikoa, baina probatu zutenetik soketara kateatuta geratu dira. "Iaz nik futbol entrenamendua edukitzen nuen akrobazien egun berean", azaldu du Ilargik, "baina entrenamendutik 5-10 minutu lehenago irteten nintzen, soka-eskolara joateko. Niretzako ia asteko momenturik onena izaten da. Batzuetan galdetu izan didate ea kostatzen zaidan akrobazietara joatea, baina niri kostatzen zaidana etxera itzultzea da". Junek ere gauza bera esan du: "Ordu eta erdiko eskolak izaten dira, eta berehala pasatzen da. Hain egoten gara gustura... posturak egiten hasi eta berotzen garenean hasten gara gozatzen, eta konturatzerako itzultzeko ordua izaten da".

Biek aireko akrobaziak egiten dituzte, baina bakoitzak bere espezialitatea dauka: Junek uztaiarekin egiten ditu akrobaziak eta Ilargik sokarekin. "Irakaslea ikusi nuen uztaiarekin akrobaziak egiten eta oso dotorea iruditu zitzaidan. Probatu nuen, eta gustatu zitzaidanez, horrekin jarraitu nuen", azaldu du Junek. Gorputza uztaiari egokitu behar zaiola azaldu du: "Uztaia gogorra da, eta norbera egokitu behar izaten da uztaira. Posturak ez badira ondo zaintzen min hartu daiteke". Ilargik, berriz, sokarekin gozatzen du: "Soka babestuta egoten da, bestela azala erre dezake, baina hala ere, kontuz ibili behar da. Indarra behar da sokan gora igotzeko". 

Biak ala biak oso kirolariak izan dira umetatik: "Umetatik gara lagunak eta kirol asko egin izan dugu gurasoekin. Mendira sarri joaten gara eta eskalatzen ere ibiltzen gara". Horrek guztiak lagundu die gorputza zailtzen, eta haien izaerak ere izan du zerikusia guzti honetan: "Batez ere Ilargi tximino samarra izan da umetatik; ez zen geratzen", esan du Junek barrez. Oreka, indarra eta malgutasuna garrantzitsuak dira kirol honetan, baina Ilargiren ustez, burua hotz mantentzea eta norberarengan konfiantza edukitzea ere ezinbestekoak dira: "Buruari esan behar diozu baietz, egin dezakezula eta ondo egingo duzula, bestela ez zaizu ondo ateratzen". 

JENDAURREAN DEBUTA

Lau hormen artean egin zuten jendaurreko debuta, pandemia betean tokatu zitzaielako emanaldia. Maskara atzean ezkutatuta zegoen publikoa, denak etxekoak, baina hala ere oroitzapen ona dute: "Urduri jarri ginen, baina oso emozionantea izan zen". Horrez gain, jendaurreko beste pare bat emanaldi egin dituzte Eskoriatzan: Bakoitzak bere espezialitatean egin zuen ariketa bat, eta beste koreografia bat elkarrekin prestatu zuten. Shallow abestia aukeratu zuten horretarako, eta sorpresa eman zieten etxekoei: "Ilargiren amari eta nire izebari asko gustatzen zaien abestia da, eta horrekin prestatu genuen akrobazia. Oso polita izan zen, eta asko gustatu zitzaien".

Ilargik, bestalde, emanaldi inprobisatu bat emateko aukera izan zuen Elgoibarren bertan. Erdi Aroko azoka antolatu zutenean, aireko akrobaziak egiten zituen neska bat etorri zen.
Gerturatu zitzaion Ilargiren ama eta azaldu zion alabak ere egiten zituela horrelakoak. Probatzeko aukera eman zion eguerdi batean hark, eta iluntzeko emanaldirako gonbidatu zuen: "Izugarria izan zen, oso-oso polita. Giza Eskubideen parkeko arkuaren aurrean izan zen, ilunetan, suarekin argiztatuta... Jende askok ez zekien nik horrelakoak egiten nituenik, eta konturatu zirenean ni nintzela, harritu egin ziren. Hunkigarria izan zen eta jende askok zoriondu ninduen". Jende ezagunaren aurrean irtetea erronka izan zen Ilargirentzat, baina aldi berean, kirol modalitatea erakusteko baliagarria: "Kirol hau ez da oso ezaguna, eta aukera ona izan zen elgoibartarrei erakusteko". Institutuan ere erakustaldiren bat egin izan dute ikaskideen aurrean, oihalak zutabe batetik zintzilikatuta: "Batzuei entzuten genien egiten genuena oso erraza zela, baina horren atzean lan handia dago. Posturak lortzea ez da hain erraza".

Etxekoen babes osoa daukate, eta txandaka eramaten dituzte eskolara, baina Junek aitortu du bere amari oraindik ere beldurra ematen diola alaba soketan zintzilik ikusteak: "Nire ama ez da etortzen ni ikustera, ezin nau horrelako altueran zintzilik ikusi, ez da begiratzeko gai". Jakin badakite arrisku handiko kirola egiten dutela, baina segurtasunez aritzen dira beti.

AMETSA: GURE ZIRKUA

Euskal Herrian gaur gaurkoz zirkurik bada, hori Gure Zirkua da. Ilargik eta Junek ere ikusia dute Gure Zirkuaren emanaldia, eta han parte hartzea dute amets: "Udako hilabeteetan, oporretan egonda, ilusio handia egingo liguke Gure Zirkuko emanaldiren batewn parte hartzeak. Horretarako 18 urte eduki behar dira, baina, eta itxaron egin beharko dugu". Horrez gain, pasioz bizi duten hori besteei erakustea ere gustatuko litzaieke: "Ikasten bezain beste edo gehiago disfrutatzen dut irakasten", azaldu du Ilargik.

Batzuetan, irakaslea eskolak ematera joan ezin denean, June eta Ilargi ibiltzen dira taldekideei posturak erakusten: "Gazteenak garenez, erraz ikasten dugu, eta besteei laguntzen ibiltzen gara". Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasate inguruan indarra hartzen ari da kirol hau, eta uste dute Gure Zirkuak ere bultzada eman diola. Nahi lukete Elgoibarren akrobazia sustatu ere: "Ondo legoke Elgoibarren akrobazien tailerrak ematea. Seguru gaude ume askok emango luketela izena". Eta animatu dute jendea probatzera, bereziki gizonezkoak: "Honetan gabiltzan gehienak emakumezkoak gara eta iruditzen zaigu gizonezkoek ere badutela lekua hemen. Gure Zirkuan badaude aireko akrobata gizonezkoak", esan du Ilargik. Argi dute: "Probatzen duenak ez du damurik izango".