Debabarreneko Mankomunitateak hondakin organikoen edukiontzi marroietarako irekitze elektronikoaren sistema ezarriko du eskualde osoan, duela aste batzuk jakinarazi zuten moduan.
Sistema berrira egokitzeko prozesua errazteko, informazio-karpa bat jarriko dute gaur eta zapatuan, txartel marroiaren erabilerari buruzko azalpenak eta herritarren zalantzak argitzeko asmoz.
Txartel marroia non eta nola eskuratu
Orain arte poltsa konpostagarriak eskuratzeko txartela erabiltzen zutenek, etxean jasoko dute txartel marroia, informazio-gutun batekin batera. Aldiz, txartelik ez dutenek, aipatutako data eta ordutegietan Aita Agirre Kulturgunean ipiniko duten informazio-bulegora joan beharko dute txartela eskuratzeko.
Apirilaren 1etik 5era egongo da zabalik Aita Agirreko informazio-bulegoa, oraindik txartel marroia jaso ez dutenek bertan eskuratu ahal izateko, honako ordutegiarekin:
- Asteartetik ostiralera: 10:00 - 14:00 eta 17:00 - 20:00
- Larunbatean: 10:00 - 14:00
Informazio gehiago behar izanez gero, herritarren arreta bulegoetara gerturatu edo 629 031 252 telefonora dei daiteke.
Mendaron, maiatzean
Debabarreneko Mankomunitateak eskualdeko herri guztietan berreskuratuko du edukiontzi marroietan txartela erabiltzea. Eibarren martxoaren 24tik da derrigorrezkoa txartela erabiltzea, apirilaren 2an jarriko dute martxan Ermuan eta apirilaren 7an sartuko da indarrean neurri berria Elgoibarren eta Soraluzen. Mendaron maiatzaren 12tik aurrera erabili beharko dute txartela.