Debabarreneko Mankomunitateak jakinarazi duenez, hondakin organikoen edukiontzi marroietarako irekitze elektronikoaren sistema ezarriko du eskualde osoan. Xehetu dutenez, helburua da bilketa selektiboaren "eraginkortasuna handitzea" eta hondakin organikoen "kudeaketa hobetzea" eskualdean. Hortaz, martxotik aurrera, edukiontziak erabiltzeko, herritarrek txartel elektroniko bat edo telefono mugikorreko aplikazio bat erabili beharko dute.
Helburuak jomugan
Mankomunitateak emandako datuen arabera, Debabarreneko hondakin-bilketa selektiboaren tasa %53,2koa da gaur egun: “Ekonomia Zirkularrerako Hondakinen eta Lurzoruen Legeak %55eko gutxieneko tasa ezartzen du 2025erako, eta %60koa 2030erako. Helburu horiek lortzeko, eta hondakin organikoen edukiontzietan nahasteak saihesteko, sistema hau ezarriko dugu, hondakinak modu egokiagoan bereizteko eta haien jarraipena errazteko”, adierazi dute. Gaur egun herriz herri ibiltzen dira Mankomunitateko beharginak edukiontzi marroietatik tokatzen ez diren hondakinak eta biodegradarriak ez diren poltsak atetatzen (ikus Aita Afgirren ateratako goiko argazkian)
Sistema berriaren funtzionamendua
Biorresiduen bilketa eraginkorragoa izateko jarriko dute martxan sistema elektroniko berria. Edukiontzi marroiak erabiltzeko, herritarrek txartel elektroniko bat, edo ‘Ireki’ izeneko aplikazioa erabili beharko dute. Mankomunitatetik zehaztu dutenez, poltsa biodegradagarriak lortzeko txartela dagoeneko erabiltzen dutenek etxean jasoko dute txartel berria. Etxean txartelik jasotzen ez dutenek, berriz, euren udalerriko erabiltzaileen arretarako bulegoetan jaso beharko dute. Aipaturikoekin batera, edukiontziak irekitzeko beste aukera bat ‘Ireki’ aplikazioaren bidez QR kodea eskaneatzea izango da. Sistema martxan jartzen dutenean, orain erabiltzen diren txartelak baliogabetuko dituzte, eta ezingo dira erabili”.
Informazioa zabaltzeko kanpaina
Sistema berrira egokitzea errazteko, Mankomunitateak “Birziklatzea garbi jokatzea da. Erabili txartel marroia” izeneko kanpaina abiatu du, eskualdeko erakunde eta kirolarien laguntzarekin, eta hainbat ekimen iragarri dituzte. Besteak beste, honako hauek:
- Eskualdeko etxebizitzetara informazio-gutunak bidaltzea
- Herritarrentzako arreta-gune eta informazio-karpak jartzea; txartela jasotzeko eta zalantzak argitzeko
- Sare sozialen bidezko kanpaina bat, sistema berriari buruzko informazio zehatza zabaltzeko
- Arreta-telefonoa martxan jartzea (629 031 252), herritarren kontsultak erantzuteko (09:00etatik 18:00etara).
Udalerri bakoitzeko informazio guneen datak eta edukiontzieen itxiera egunak:
Elgoibar: Txartel marroia derrigorrezkoa izango da apirilaren 7tik aurrera
Datak eta bilketa-guneak:
- Apirilak 1, 2, 3,4 eta 5: Aita Agirre Kultur Gunea (Aita Agirre Plaza 3).
Mendaro: Txartel marroiaren erabilera derrigorrezkoa izango da maiatzaren 12tik aurrera
Datak eta bilketa-guneak:
- Maiatzak 8,9 eta 10: Lokal Txuria (Jubilatuen etxearen ondoan)
Arreta ordutegiak herri guztietan
- Astelehentik ostiralera: 10:00-14:00 y 17:00-20:00.
- Larunbatak: 10:00-14:00.
Txartela jasotzerako orduan ondoren dokumentazioa aukeztu beharko da:
- Titularraren NAN/AIZ edo IFZ
- Bizilekua egiaztatzen duen dokumenturen bat (errolda-agiria, alokairu-kontratua, titularraren izenean dagoen hornidura-agiria, etab.).
- Titularrak sinatutako baimena, titularraren eta baimendutako pertsonaren datuekin. Eta bien NAN/AIZ edo IFZ.
Informazio gehiago eskuratzeko, bisitatu debabarrena.eus webgunea, joan herritarren arreta-bulegoetara edo deitu 629 031 252 telefonora, 09.00etatik 18etara.