'Euskararen osasuna Osakidetzan' izenburuko solasaldia egingo dute Elgoibarren apirilaren 1ean

Barren 2025ko mar. 27a, 09:47

Ana Bereziartua Elgoibarko anbulatorioko erizainak eta Debarrenako ESIn Euskararen normalkuntzarako teknikari den Garbiñe Garaik parte hartuko dute Euskararen osasuna Osakidetzan izenburuko solasaldian.

Zergatik eta zertarako euskaldun? programaren baitan, Euskararen osasuna Osakidetzan izenburuko solasaldia antolatu dute Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra elkarteak apirilaren 1erako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. 

Aita Agirre kulturguneko areto nagusian izango da solasaldia, 18:30etik aurrera eta Ana Bereziartua Elgoibarko anbulatorioko erizainak eta Debarrenako ESIn Euskararen normalkuntzarako teknikari den Garbiñe Garaik parte hartuko dute.
Antolatzaileen esanetan, besteak beste, honako gai hauek aletuko dituzte: Osakidetzako euskara plana, Mendaroko ospitaleko eta Elgoibarko anbulatorioko egoera, orain arte izandako lorpenak eta hobetu beharrekoak, euskara plana errealitatean gauzatzeko dauden oztopoak eta euskarazko zerbitzua jaso nahi duten herritarrek bizi dituzten trabak.

  • Noiz: apirilak 1, martitzena 
  • Ordua: 18:30
  • Non: Aita Agirre kulturgunean