Sextortsio delitu bat leporatuta adingabe bat atxilotu dute Elgoibarren

Barren 2025ko mar. 26a, 15:41

Ertzaintzak 17 urteko adingabea atxilotu zuen atzo arratsaldean Elgoibarren, sextortsio-delitu bat leporatuta.

Ertzaintzak jakitera eman duenez, biktimak kontaktu-plataforma baten bidez izan zuen harremana estortsiogilearekin, eta harekin argazki intimoak trukatu ondoren, "koakzioak jasotzen hasi zen". Delitugileak bi mila euro lortu nahi zituen biktimak bidalitako irudi konprometigarri batzuk sare sozialen bidez ez zabaltzearen truke. Koakzioa jasan zuen pertsonak salaketa jarri eta Ertzaintzari jakinarazi zion pertsona batek xantaia egin nahi ziola. Egoeraren berri izan zutenean, kasuaz arduratu ziren agenteek zaintza-dispositibo bat ezarri zuten, eta biktimaren dirua hitzartutako lekuan lehen aldiz jaso behar zuen unean atxilotu ahal izan zuten estortsiogilea. Atzo arratsaldean atxilotu zuten.
Ertzain-etxean polizia-eginbideak amaitutakoan, adingabea Adingabeen Fiskaltzaren esku jarriko dute.

Gomendioak

Zabaldu duen oharrean, Segurtasun Sailak gomendatzen du horrelako kasuetan, ordaindu aurretik salaketa jartzea, lehen ordainketa egin ondoren xantaiak bere horretan jarraituko baitu gehienetan. Gainera, gomendatzen du irudi intimoak ez bidaltzea inori, ezta lagunei edo ezagunei ere, sare sozialen bidez.  "Gaur laguna edo ezaguna denak, bihar egoera konprometitu batera eraman zaitzake. Pribatutasuna mantentzea asko kostatzen da, eta 'klik' batean gal daiteke. Sare sozialen bidez bidaltzen diren argazkiak edonork ikus ditzake lehenago edo geroago", ohartarazi dute.