Ibon Baskaran elgoibartarra Frantziako snowboard txapeldunorde benjaminetan

Barren 2025ko mar. 26a, 14:16

Ibon Baskaran, ezkerrean, gorri koloreko petoarekin.

Ibon Baskaran Beristain (Elgoibar, 2012) ryderrak zilarrezko domina lortu du benjamin mailako Frantziako Snowboard Txapelketan, kros modalitatean.

Frantziako lizentziarekin lehiatzen ari da snowboarder elgoibartarra, eta hala, Frantziako snowboard txapelketan parte hartzeko aukera izan du. Les Carroz D' araches eski estazioan jokatu zuten txapelketa, joan den asteburuan.

Baskaranek zilarrezko domina eskuratu zuen gogokoena duen modalitatean, krosekoan (snowboardcross). Finalera kanporaketetako denborarik onenarekin sailkatu zen eta urrea ere eskura izan zuen arren, lorpen handia da zilarra, maila handiko kirolariak izan baitzituen aurkari.

Luz Saint Sauverreko Skitoy taldean dago snowboarder elgoibartarra, eta oso gaztea den arren, lehen txapelketatik hasi zen nabarmentzen eta garaipenak lortzen (ikus hemen). Pirinioetan eta Alpeetan jokatu dituen hainbat proba irabazi ditu azken urteetan eta aurtengo denboraldian ere emaitza apartak lortzen ari da. Azken bi asteak Alpeetan eman ditu eta laugarren postua lortu zuen Kids National Tour txapelketarako puntuagarria zen proban, kros modalitatean. La Plagneko eski estazioan lehiatu ziren Frantziako snowboarder gazte onenak eta Frantziako Pirinioetako ordezkaria izan zen Baskaran. Lehenago hirugarren postu bat ere lortu zuen txapelketa horretako beste proba batean.

Baqueirako eski estazioan jokatu zuten Euskal Herriko Boardercross Txapelketa ere irabazi zuen urtarrilean, 15 urtez azpikoen mailan, baina Frantzian federatuta dagoenez, ezin izan zuen titulua eskuratu. Eta beste horrenbeste gertatu zitzaion Espainiako Txapelketan. Bigarren postua lortu zuen 15 urtez azpikoen mailan, Baqueira Bereten otsailaren 1ean jokatu zuten txapelketan.

 

Asteburuan Baqueira Bereten jokatuko duten proba batean lehiatuko da Baskaran, Banked Slalom izeneko modalitatean. Ryderrak bakarka jaisten dira errebueltaz eta peraltez betetako pistan behera. Iazkoan berak irabazi zuen proba hori, 12 urtez azpikoen mailan, baina aurten 17 urtez azpikoen kategorian lehiatuko da, eta zailagoa izango du garaipena errepikatzeko. Baqueiran bertan apirilaren 4an jokatzekoak diren Espainiako Txapelketan parte hartzea ere gustatuko litzaioke, denboraldiari amaiera emateko.