Ekintzailetza industriala bultzatzeko MAKE IN! programarako izen-ematea zabalik

Barren 2025ko mar. 25a, 15:33

“Eskualdeko industriaren etorkizuna bultzatzea” helburu duen MAKE IN! programarako izen-ematea zabaldu dute. Apirilaren 30ean hasiko da 4. edizioa, maiatzaren amaierara arte. Programan parte hartuko duten proiektuak -startup-ak- aukeratzeko prozesua, berriz, apirilean eta maiatzean egingo dute. Izena apirilaren 25a baino lehen eman beharra dago, HEMEN KLIKATUTA.

Debegesa Garapen Agentziak antolatutako programa da MAKE IN!, Debabarreneko ekintzailetza industriala bultzatzeko helburuarekin. Aurten, programaren 4. edizioa izango da, apirilaren 30etik maiatzaren amaierara artekoa. Prestakuntza-saioak, berriz, apirilaren 30ean, maiatzaren 8an, 16an eta 23an izango dira.

Baldintzak

Ekimena industriari lotutako startup-ei edo enpresa-ekimenei eta “seed” edo “seed aurreko” fasean daudenei zuzenduta dago, baldin eta gutxieneko produktu bideragarria edo eraikitzen ari dena badute. 

Horrez aparte, programara aurkezten diren ekimenek osagai teknologikoak edo negozio-eredu berritzaileak izan behar dituzte, honako esparru honetara lotutakoak: fabrikazio gehigarria, ikusmen artifiziala, RV/RA, robotika, IA, Big Data eta IoT. 

Sareak, bezeroak, mentorizazioa…

Debegesatik nabarmendu dutenez, programak hainbat abantaila eskainiko dizkie parte-hartzaileei: “Erreferentziazko industria-sare baterako sarbidea (BPTD elkartea), bezero potentzialetarako sarbidea, talenturako sarbidea, mentorizazio pertsonalizatua sektoreko adituekin, laborategi espezializatuak, lan-espazioak, prestakuntza eta ekitaldiak, inbertitzaileentzako sarbidea eta finantzaketa…”

Programaren lanketa, berriz, ekonomiaren hainbat alorretako adituen eskolen bitartez landuko da eta amaieran, proiektuaren pitching bat egingo dute, eskualdeko enpresetako ordezkariak bertan direla.

Programa indartsua

Gaineratu dutenez, aurreko edizioetan parte hartu duten pertsonek inguruko enpresa industrialekin dagoen harreman zuzena nabarmentzen dute, kontaktu-sarea ehuntzeko zein lankidetza-proiektuak garatzeko aukera eskainiz. “Inguruko industria-azelerazioko programa indartsuenetako bat da, trebatzaile eta aholkulari-enpresa gisa dugun laguntzaile-sareari esker. Horiei esker, programak irauten duen aldian parte hartzen duten enpresek beren negozioaren 360º-ko ikuspegia dute, hobetzeko, finantzatzeko eta komertzialak izateko aukerak identifikatuz”, azaldu du Cristina Zumetak, Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresa Saileko arduradunak.

MAKE IN! programan honako enpresek parte hartzen dute, besteak beste: Garriguesek, Elkargik, Easo Venturesek, ieTeamek, Sabadellek, Mongragón Corporationek, Think On Marketingek, Coben Groupek eta Startek. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntasuna ere badu.