Elkarrizketa

Elena Perez: “Piramide forman kristalizatutako itsasoko gatz purua sortzeko prozesua patentatu didate”

Ainhoa Andonegi 2025ko mar. 21a, 14:45

Duela bi urte iritsi zen Elena Perez (Zaragoza, Espainia, 1980) Elgoibarrera. Ingurumen teknikaria da ikasketaz, eta biologia, zoologia, antropologia eta natura ditu gustuko. Mufomi fosil eta mineralen museoa deskubritu zuenean harrituta geratu zen, eta gaur museoko kolaboratzailea da. 

Naturan aurkitzen dituen bitxikeriak jaso eta museora eramaten ditu, hango altxorra osatzen laguntzeko. Itsasoa ere maite du, eta orain, itsasoko gatz purua sortzeko prozesua asmatu du. Patentatu egin du prozesua, eta udarako jarriko du salgai produktua. Supermerkatuko lana laga eta aurrerantzean pasioa duena ofizio bilakatzea du helburu.

Ingurumen teknikaria zara ikasketaz, eta ahal duzun guztian praktikan jartzen duzu ikasitakoa.
Bai, nire pasioa da. Biologia eta zoologia gustatzen zaizkit bereziki, baina baita fosilak eta mineralak ere. Erdi mailako ikasketak ditut eginak, bi urtekoak, eta hor oinarri sendo bat hartu nuen, baina nik nire kabuz sakondu ditut ikasketak. Liburu pila bat dauzkat etxean, eta liburutegian ere ordu asko pasatzen ditut. Botanika, arkeologia, artisautza, zoologia... dena gustatzen zait. Ofizioz supermerkatuko langilea naiz, baina badaukat ogibidez aldatzeko proiektua eskuartean.

Zein proiektu daukazu orain eskuartean?
Elgoibarrera etorri nintzenean bizitzera itsasoa deskubritu nuen, eta maitemindu egin nintzen. Hasi nintzen itsasoko fauna aztertzen, eta itsaski haztegi bat sortzeko ametsa piztu zitzaidan. Horretarako itsas gatza behar nuen, eta gatza ikertzen hasi nintzen. Kristo aurretik 3000. urtera arteko gatz motak aztertu nituen. Hortik abiatuta, itsasoko gatz purua egiteko prozesu bat aurkitu nuen.

Zertan datza prozesuak?
15 orduko prozesua da, baldintza oso berezietan egiten dena, eta faktoreren bat aldatzen bada, ez du funtzionatzen. Oso adi zaindu behar da prozesu guztia. Itsasoko uretik abiatzen naiz, baina ur hori garbitu egiten dut, ura soilik eduki arte. Filtro organikoak erabiltzen ditut, eta gero mikroskopioarekin ziurtatzen dut ez dagoela ezer, ur purua dela. Gero beroa eta ebaporazioaren bitartez lortzen da gatza. Espazio itxi batean egiten dut, beraz, ez da zikintzen, eta azken emaitza gatz garbia da. Ez dago beste ezerekin kontaktuan, eta gatza da soilik. Prozesua patenteen elkartera aurkeztu nuen, eta onartu egin didate. Irailaren 24an jakinarazi zidaten une horretatik aurrera beste inork ezingo duela prozesu hau kopiatu. Lursail bat erosi dut, laba ere bai eta hilabeteko epean-edo hasiko naiz produkzioan. Ondo bidean, udarako jarriko dut salgai nire produktua. Lan asko dauka eta oso kantitate gutxi lortzen da, baina produktu oso ona lortzen da. Nire lana utzi eta gatza egiteari ekingo diot epe laburrean; konfiantza osoa daukat produktu honetan. Beti gustatu izan zait esperimentatzea, eta Interneten eta liburuetan irakurritakoarekin lortu dut hau. Ilusioz beterik nago, piramide forman kristalizatutako itsasoko gatz purua sortzeko prozesua patentatu didatelako. Patente euskalduna izango da, elgoibartar moduan egin dudalako eskaera.

Zein berezitasun dauka gatz horrek?
Aurretik ere egina neukan gatza, baina ohiko gatza. Hau desberdina da. Gatzak normalean kubo forma dauka, baina nire prozesuan piramide forman kristalizatzen da. Itsasoko gatz puruak gure gorputzak behar dituen nutriente guztiak ditu, azken batean ura eta gatza garelako. Urak dauzkan zikinkeria guztiak kenduta, gatz osasuntsuagoa da, kimikorik ez dudalako erabiltzen, eta gainera, zapore oso berezia dauka. Sukaldatzeko produktu oso interesgarria da. Nik etxean eduki izan ditut akuariumak, eta konturatzen nintzen dendan erositako itsas-gatzarekin animaliak hil egiten zirela, beraz, argi zegoen kloruro sodikoa baino gehiago daukatela gatz horiek.

Elgoibarko Mufomi fosil eta mineralen museoarekin kolaboratzen duzu. Nola deskubritu zenuen museoa?
Elgoibarrera iritsi nintzenean egin nuen lehenengo gauza liburutegia aurkitzea izan zen. Bazkide txartela atera nuen eta hasi nintzen liburuak hartu eta irakurtzen. Eta halako batean, kalean nindoala, kartel bat ikusi nuen, Mufomi izenarekin, eta fosilen irudiekin. Gerturatu nintzen eta museoa Elgoibarren bertan zegoela deskubritu nuen. Argi neukan bisitan joango nintzela. Javier Vargas bertako arduradunarekin geratu nintzen, eta berak erakutsi zidan museoa. Txundituta geratu nintzen. Javierrek, gainera, azalpen guztiak eman zizkidan, pasioz, eta konturatu nintzen bere bitzitza eman ziola museoari. Ez dut ulertzen museo horrek daukan balioarekin kartel soil bat izatea kanpoan. Bestelako errekonozimendu bat beharko luke, eta Debabarreneko turismo gidan sartu beharko lukete. Atzerritik jende pila bat etortzen da flyscha ezagutzera Zumaiara, eta pakete horretan museo honen berri ere eman beharko lukete.
Izugarria da. Ni ia egunero joaten naiz orain, eta naturan aurkitzen ditudan gauzak eramaten ditut museora. Javierrek esaten dit baliozkoa den edo ez eraman dudan hori, eta hala bada, lekua egiten dio museoan. Mutrikuko portuan, esaterako, harrizko aingura bat aurkitu nuen, eta museoan dago orain zintzilik. Txingurriak ere izugarri gustatzen zaizkit, eta ordu asko eman ditut mendian txingurriak aztertzen. Eta horretan ari naizen bitartean, inguruko harriei ere erreparatzen diet eta zeozerk atentzioa ematen badit, argazkia atera eta Javierri bidaltzen diot. Berehala esaten dit interesekoa den edo ez, dena ere ezin dudalako batu. Mendian jendea paisajeari begira joaten da, baina ni normalean lurrera begira joaten naiz, harrien azpietan begira!. Poza ematen dit museoa osatzen laguntzeak. Nire etxean jartzen badut, niretzako bakarrik da aurkikuntza, eta askoz aberasgarriagoa da jendearen eskura lagatzea.

Elena Perez eta Javier Vargas Elgoibarko Mufomi museoko aretoetako batean.

Txingurriak aipatu dituzu. Zein berezitasun dute?
Landare, liken, larbak... denetarik aztertu izan dut, eta txingurriekin bereziki egin dut lan azken urteotan. Iberiar Penintsulako Mirmecologia elkartearekin ere kolaboratzen dut, eta inurriei buruzko informazioa osatzen dugu. Inurriak mota askotarikoak daude, Iberiar penintsulan bakarrik 300 bat espezie desberdin daude identifikatuta, eta azkenaldian inbaditzaileak ere etorri zaizkigu. Nire faboritoa camponotus cruentatus espeziea da. Inurri handia da, eta ingurune lehorrekoa. Behin haiei begira nengoela ikusi nituen 30 bat inurri, beste inurritegi bateko bost inurri gatibu hartuta zetozela. Preso zituzten, eta derrigorrean eramaten zituzten, gero jateko. Beste batzuetan inurrien larbak harrapatzen dituzte, eta jaiotzen direnean beraien taldeko moduan hezten dituzte, eta horiek ez dituzte jaten. Esango nuke gizakien antzeko ezaugarriak dituztela. Esperimentu asko egin ditut inurriekin, eta konturatu naiz zarata ere egiten dutela. Espezie batzuk jan ere egiten dira herrialde batzuetan, beste batzuk toxikoak dira eta kontuz ibili behar da. Nik jan izan ditut batzuk. Matxinsaltoak ere bai, sugea ere probatuta daukat... natura oso aberatsa da.