Azken urteetan terraza gune berriak sortu direla diote eta horiek erabiltzeko modu berriak ere zabaldu direla. Horiek horrela, terrazen gaineko ordenantza berritzeko zenbait proposamen zabaldu dituzte.
Batetik, terrazek hartzen duten espazioak berrantolatzea eta babesguneak ipintzea proposatzen dute.
Eremu publikoan dauden terrazen erabileragatik ordaindu beharreko tasetan ere aldaketak proposatzen dituzte. Terrazei hartzen dituzten metro koadroengatik kobratu beharrean erabiltzen dituzten elementuegatik kobratzea da proposatzen dutena. Era berean, auzoetako tabernei %15eko hobaria aplikatu nahi diete, herrigunetik urrunen dauden auzo horietan "bizitza soziala" sustatzen laguntzen dutela-eta.
Terrazen garbitasuna eta irisgarritasuna bermatzeko neurriak ere proposatzen dituzte ordenantza berrirako. Taberna itxita dagoenean terrazako elementuak jasotzea, esaterako. Terrazak dagokion moduan jasotzen dituztenentzako %50eko hobaria aplikatzea proposatzen dute.
"Proposamen honen helburua da herri atsegin eta bizi bat sortzea, terrazek sortzen duten onura balioan jarriz eta aldi berean herritarrentzako espazio egokiak sortuz. Honekin, espazioen banaketa bidezko eta orekatu bat bilatzen da", adierazi dute. Gainera, herria txukun mantentzen duten ostalariak saritu nahi dituzte ordenantza berrian, hobarien bitartez. Orain arteko zergak bere horretan mantentzeko asmoa dute.
Ordenantza proposamen hau hilabetetako lanketaren emaitza dela azaldu dute Udal Gobernutik, herritarren, ostalarien eta udal teknikarien iritziak bildu ostean ondutakoa. Zehaztu dutenez, dagoeneko aurkeztu diote proposamena oposizioari, martitzenean ospatu zen Udaleko Lurralde Batzordean, hain justu ere. Udal gobernu taldeak eskerrak eman dizkie tabernariei erakutsi duten inplikazioagatik.
Hurrengo hilabeteetan joango da gauzatzen terrazen ordenantza berria.