Udako oporraldiko eskaintzan izena emateko epea zabalduko dute martxoaren 21ean Atxutxiamaikak eta Ludotekak

Barren 2025ko mar. 20a, 15:51

Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Sailak eta Udal Ludotekak prest daukate udako oporraldirako eskaintza, eta barikuan zabalduko dute izena emateko epea. 

Interesatuek apirilaren 13ra arteko epea dute izena emateko. Aurrez aurre, ludotekan eta Elgoibarko Izarraren bulegoan eman daiteke izena, eta bestela Elgoibarko Izarraren webgunean (elgoibarkoizarra.eus).

Atxutxiamaikak Haur Hezkuntzako umeentzako txokoak prestatu ditu, HH2tik HH5era artekoentzat. Ekainaren 23tik uztailaren 18ra izango dira, eta bi txanda egongo dira aukeran, ekainaren 23tik uztailaren 4ra lehenengoa eta uztailaren 7tik 18ra. Goizez izango dira, 09:30etik 13:00etara, eta nahi duenak zaintza zerbitzua ere izango du aukeran. Horrez gain, uztailaren 24ko asterako zerbitzua ere emango dute.

Ludotekak, bestalde, Lehen Hezkuntzako umeentzako eskaintza prestatu du. LH1, LH2 eta LH3koentzako udaleku irekiak eskainiko dituzte, ekainaren 23tik uztailaren 18ra. Goizez izango dira, 10:00etatik 13:00etara, baina ostegunetan egun osoko irteera egingo dute, 10:00etatik 16:00ak artekoa. LH4koek bestalde, ekainaren 30etik uztailaren 4ra izango dituzte ekintzak: hiru egunetan goizeko jarduerak egingo dituzte eta bi egunetan egun osoko irteerak. LH5ekoentzat ere eskaintza berbera prestatu dute, uztailaren 7tik 11ko asterako, eta LH6koek udaleku itxiak izango dituzte, Orion, ekainainaren 20tik 22ra.

Dirulaguntza eskaerak

Dirulaguntzak eskatzeko epea martxoaren 21etik apirilaren 30ra arte egongo da zabalik. Informazioa Udaleko HAZ zerbitzuan (943 741 050) edo Ludotekan eskuratu daiteke.

Laguntza horietarako, guztira, 5.000 euroko poltsa jarriko du Udalak, eta handitzeko aukera dagoela zehaztu dute. 

Dirulaguntzaren zenbatekoak aldatu egiten dira familiaren egoeraren arabera: 

  • Familia ugariek eta guraso bakarrekoek % 30eko laguntza jasoko dute izena emateko kuotaren gainean. 
  • Bigarren seme-alaba inskribatzen duten familiek dirulaguntzaren % 30 eskuratuko dute  bigarren inskripzioan. 
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzen familia onuradunek kuotaren % 70 jasoko dute dirulaguntza gisa. 

Atxutxiamaikaren udaberriko eskaintzan izena eman dutenek, eskabideak martxoaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dituzte. Elgoibarko Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuan kudeatu ahal izango dira, edo egoitza elektronikoaren bidez.

Udal Ludotekaren udaberriko eskaintzan izena eman dutenei zuzenean aplikatuko zaizkie.