Zabaldu dute Azkarateko mendatea

Barren 2025ko mar. 20a, 08:35

Beharginak zuhaitza erori den lekua garbitzeko lanetan. Arg: Azkoitia Guka.

Zuhaitz bat errepidera erori eta istripua eragin du Azkarateko errepidean (Gi 2634), Azkoitian, eta errepidea itxi behar izan dute trafikoarentzat.

06:45ean erori da zuhaitza errepidera, guardia zibilaren kuartela zegoen parean, Azkarateko errepidearen hasieran, Azkoitian. Erori denean auto bat jo du zuhaitzak baina ez da inor zauritun istripuan. Bi norabideetan itxi behar izan dute errepidea, beharginek zuhaitza errepidetik kentzeko lanak amaitu bitartean.

Gaur abisu horian gaude haizeagatik, haizeguneetan, 15:00etara bitartean. Hego-ekialdeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki ekialdeko mendi inguruetan. 03:00etatik 09:00etara haizea zakarrago ibiliko da eta haize-boladek 110 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. 

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, arratsaldean ezegonkortasuna handitu eta euritara joko du. Barnealdean sarriago egingo du euria eta baliteke noizean behin zaparrada trumoitsuak eta handiak botatzea.