Askotariko eskaintza prestatu dute martxorako Elgoibarko Jubilatuen Biltokian

Barren 2025ko mar. 17a, 16:14

Hitzaldi bat, Landa eta Gasteiz arteko irteera bat eta xake txapelketa antolatu ditu Elgoibarko Jubilatuen Elkarteak martxorako, besteak beste.

Hasteko, martxoaren 18rako, Landatik Gasteizera irteera antolatu dute. 08:30ean elkartuko dira tren geltokian, eta trenez egingo dute Eibarrera artekoa, han Landara eramango dituen autobusa hartzeko. Hamaiketakoa eta bazkaria etxetik eraman behar dute, eta Gasteizen bazkalduko dute elkarrekin.

Martxoaren 19an, Aurretiazko borondateen dokumentua eta hiltzen laguntzeko prestazioa izenburuko hitzaldia izango dute jubilatuen biltokian, 18:30ean. 

Xake txapelketa

Martxoaren 20rako, azkenik, xake txapelketa iragarri dute. Martxoaren 19a izango da izena emateko azken eguna. Izena eman nahi duenak astelehen eta ostiralean eman ahal izango du, 11:00etatik 12:00etara edota telefonoz 688 742 013 telefono zenbakira deituta. Irabazlea eskualdeko txapelketarako sailkatuko da.