Izvkari taldeak kontzertua emango du gaur Sotoan, Sinuösek antolatuta

Barren 2025ko mar. 14a, 09:39

Izvkari taldearen kontzertua iragarri du gaurko (barikua, hilak14) Sinuösek. Kultur Etxeko Sotoan izango da kontzertua, 23:00etan, eta 22:30ean zabalduko dute antolatzaileek Sotoko atea.

Urrian argitaratu zuen Izvkarik bere estreinako lana: Ikari Lehena (Hagina Diskak, 2024). 5 abestiz osatutako EP-an Joseba Baleztena (Joseba B Lenoir, MICE, SextySexers…) eta Mikel Larratxek (TZAR, SextySexers…) denboraz eta patxadan ondutako doinuak bildu zituzten: ilunak eta dramatikoak, epelak eta hurbilak… Mark Lanegan, Jeffrey Lee Pierce eta Nick Cave-en barne paisaiekin ohiartzun egiten dutenak. Joseba eta Mikelekin batera, Felix Buff (baterian), Xiker Salaberria (gitarra apalean), Carlos Noain (pianoan) eta Ander Mujika (gitarran) igoko dira agertokira.