Makis 37 taldekoek joan den martxoaren 2an kaleratu zuten Eromenarekin ihesean diskoa, eta otsailaren 5ean estreinatu zuten diskoaren aurrerapen kanta, Zaborrezko bulegoak izenekoa, Zaldibarko hondamendiaren bosgarren urteurrena bete zen egunean. Julen Corral eibartarrarekin ondu dute oihartzuna izan duen bideoklipa. "Aurretik kaleratu genuen abesti bat euskaratu genuen, birmoldatu..., eta bertsio honek ez dauka zerikusirik originalarekin. Zaldibar Argitu plataformak eta hainbat komunikabidek bideoa zabaldu dute, eta hondamendiaren urteurreneko ekitaldian parte hartu genuen, akustikoan. Guretzat gai garrantzitsua da, gure inguruan gertatutako injustizia handia. Bi pertsona hil ziren bertan, eta erantzule guztiek eskuak garbitu dituzte. Musikaren bitartez gure aletxoa jarri nahi izan dugu gertakizun hau kanpora zabaltzeko eta gertukoek ez ahazteko.", azaldu dute.
Martxoaren 15ean Iruñean emango dute kontzertua, eta gero Ermuan, Zaldibarren, Elgoibarren... Iraila bitartean zazpi bat kontzertu dituzte hitzartuta jada, baina gehiago lotzekotan daude.
- Irakurri hemen Ermuko Drogetenitturri toki komunikabidekoek Makis 37 taldekoei eginiko elkarrizketa