M-8

Trikitia, kantua, dantza eta omenaldia uztartu ditu 'Gure Mauriziak' ekimenak

Barren 2025ko mar. 11a, 22:12

Trikiti doinuek hartu dituzte arratsaldean Elgoibarko kaleak. Belaunaldi askotariko emakumez osatutako soinujole eta panderojole taldeak gidatu du Kalegoen Plazatik Herriko Antzokira egin duten kalejira.

Eguerditik aurrera euria egin du, zaparrada mardulak botaz gainera, baina ateri eutsi dio kalejira egin duten bitartean. Maalan geldialdia egin ostean, Herriko Antzokian sartu dira trikitilariak eta segizioa, han jarraitu baitu Gure Mauriziak! ospakizun ekitaldiak. 

Elgoibarren ere aritu dira Maurizien bila eta lau topatu dituzte: Pantxika Zubizarreta Gurrutxaga (1888-1964), Juliana Esnaola Arakistain (1892-1974), Martzelina Zubizarreta Gurrutxaga (1892-1991) eta Juliana Zubizarreta Gurrutxaga (1910-2006). Horien ondorengoek jaso dute aitortza antzokiko eszenatokian. Trikitia, kantua eta dantza uztartu dituen ekitaldiaren ostean, Aire! dokumentala eman dute antzokiko pantaila handian..

Elgoibarko Izarrak, Elgoibarko Udalak, Inazio Bereziartua Dantza eta Musika Eskolak, Ongarri zine-klubak, Haritz Euskal Dantzari Taldeak eta Badihardugu elkarteak antolatu dute ekimena.